Urtzi Murueta pasa diren otsailaren 28an eta 29an epaitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean eta Blanca Rodriguez fiskalak 30 urteko espetxe zigorra eskatu zuen berarentzat, 2001eko azaroaren 7an ETAk Algortako bere etxe aurrean hil zuen Jose Maria Lidon epailearen hilketan ezinbesteko kolaborazioa eman zuela egotzita. Zehazki, Orkatz Gallastegiri Lidon epailearen jarraipena egitea agindu eta datuak jaso ondoren ekintza burutu zuten ETAko kideei pasatu izana leporatu zioten Muruetari.
Froga bakarra, torturaren susmopean
Defentsak, baina, Urtzi Muruetaren aurkako froga bakarra Ertzaintzak, torturaren bidez, Orkatz Gallastegiri sinarazitako deklarazioa zela salatu zuen. Gainera, Gallastegik inoiz ez du deklarazio hura berretsi eta epailearen aurretik eraman duten bakoitzean torturak salatu eta guztia ukatu du.
AAMk bere aldetik nabarmendu zituen Murueta kondenatzeko zeuden bestelako interesak: "batetik, Espainiako Auzitegi Nazionalak euskal herritarren aurka daraman estrategiaren barruan sartzen da epaiketa hau ere, eta bestetik, 30 urteko espetxe zigorraz gain, fiskalak milioi bat euroko kalte-ordaina eskatzen du, eta kasu honetan, Lidonen familia dirutza hori kobratu gabe geldituko da Urtzi absolbituz gero". Izan ere, errepresioaren aurkako mugimenduaren arabera, "Urtzik dirutza hori ordaindu ezin badu, Estatuak bere gain hartu beharko luke kalte-ordaina, azken urteotan terrorismoaren biktima talde horiek Gobernuarekin egindako akordioaren arabera. Modu horretan, eta horregatik kondenatu zuten Orkatz ere azken finean, epaileen arteko korporatibismoa tartean, nahiz eta dirutza horiek kobratzeko gazte hauek bizitza osorako espetxean sartu behar", salatu zuten epaiketaren garaian.
Urtzi Murueta 2007ko irailaren 6tik preso izan dute Lidon kasua zela eta. Izan ere, egun horretan amaitu zuen Frantzian zuen zigorra eta bost egun beranduago Espainiaratu arte gatibu izan zuten. Irailaren 12an Espainiako Auzitegi nazionalera eraman zuten deklaratzera eta Soto del Realgo espetxean sartu zuten. Goian aipatu bezala, otsailaren amaiera arte epaiketaren zain egon zen Murueta eta, azkenik, pasa den apirilaren 25ean Soto del Realetik atera eta Alacantera eraman zuten.