Besteak beste, nekazal inguruetako bideak, pistak, errepideak eta eremu horietako oinarrizko azpiegiturak konpontzeko, eta ekipamenduetarako eta hirietako azpiegituretarako emango dizkie ez ohiko laguntzak udalei Bizkaiko Foru Aldundiak. Halaber, uholdeek kaltetutako udaletako nekazal eremuetan uztetan, ganaduan eta ondasunetan kalteak izan dituztenek ez dituzte 2008ko Ondasun Higiezinen Gaineko (OHZ) kuotak ordaindu behar izango. Arlo pribatuari dagokionez, 2008ko OHZ murrizketa bat ezarriko zaie hirietako etxebizitzetan, industrietan, dendetan, garajeetan, lan egiteko lokaletan eta antzekoetan uholdeen eraginez kalteak izan zituztenei. Horretaz gain, Ekonomia Jardueren Gaineko Zerga-salbuespena ezarriko die kaltetuei. Eta uholdeetan zapuztutako ibilgailuen ordez berriak erosteko 1.200 euroko deskontua egingo du matrikulazio zergan. Eusko Jaurlaritzaren laguntzak ere sektore pribatura egongo dira zuzenduak. Horiek mailegu bidez emango dituzte, eta interes-tasak Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu, antzekoetan egin izan ohi den bezala, Gipuzkoan 1996ean eta Araban 2006ean, esaterako. Hala ere, oraingoz Jaurlaritzak ez du zehaztu laguntzak zenbatekoak izango diren, uholdeek egindako kalteen balioztatzearen zain.
Aseguruak
Bitartean, Aseguruen Partzuergoak 5.000 erreklamazio inguru jasoko ditu etxebizitzetan eta ibilgailuetan izandako ezbeharrengatik, hainbat iturrik zabaldutakoaren arabera. Horrek 15 milioi euroko konpentsazioak ematera behartuko du erakundea. Partzuergoak telefono zenbakia (902 222 665) ipini du asegurua duten kaltetuek euren egoeraren berri jakin ahal izateko. Era berean, webgunea ere martxan dago ezbeharren kudeaketari buruz informazioa kontsultatzeko eta kalteengatik ordaina jasotzeko eskakizunaren inprimakia deskargatzeko. Besteak beste, Getxoko Udalak hainbat argibide eman ditu erreklamazioak nola aurkeztu jakiteko.