Uholdeei buruzko ikerketa batzordea osatzea eskatu du Getxoko PPk

Getxo udalerrian udal ikerketa abia dezan eskatu dio gaur Imanol Landa alkateari Eduardo Andrade bozeramaile popularrak (argazkian), uholdeen aurka egindako "akatsen" erantzukizun politikoak aztertzeko eta neurri berriak jartzeko asmoz. Raquel Gonzalez zinegotziarekin batera Areetako PPren egoitzan emandako prentsaurrekoan ezagutarazi du Andradek egitasmoa, ondoren udal erregistroan sartu dutena. Popularrek goraipatu dute igandetik hona larrialdi zerbitzuetako langile eta polizia guztiek egindako "lan aparta", baina kritika gogorrak izan dituzte alkatearentzat, Udaltzaingoaren buruarentzat eta baita Babes Zibileko arduraduna eta Jose Luis Bilbao diputatu nagusiarentzat ere. Udalak duen lurrorotako auto bakarra "uholdearen inguruetatik paseatzeko" erabili izana egotzi diete. "'Paseando a Miss Daisy' filmean egongo balira bezala", gaineratu du Andradek. Era berean, kaltetutako familiei mila euroko bat-bateko eta itzuli beharrik gabeko dirulaguntza ematea eskatu diote Udal Gobernuari.

Popularrek eskatutako ikerketa batzordeak honako puntuak argitu beharko lituzke, Eduardo Andraderen arabera: abisua noiz heldu zen, auzokideak esnatzeko ala ez esnatzeko erabakia nork hartu zuen, auzo batzuk beste batzuen aurretik lehenesteko erabakia zelan eta zergatik hartu zen, "zergatik hasi zen leku batzuetan autoak salbatzen oraindik beste leku batzuetan oraindik zenbait bizitza arriskuan zeuden bitartean", eta zeintzuk dira erantzukizun politikoak. Osaketari buruz, Udalbatzako alderdi politiko guztiek eta larrialdi zerbitzuetako teknikoek parte hartzea eskatu dute.

Horretaz gain, larrialdietarako protokoloa idazteko asmoz, gertatu den guztiaz ikastea du beste helburutzat ikerketa batzordea. Dena den, berau abiatzeko ezinbestekoa izango da alkateak onartzea horretarako eskuduntzak berak ditu eta. Onartzekotan, PPk konpromisoa hartu du Gasteizko Legebiltzarreko eta Bizkaiko Batzar Nagusietako bere taldeek lortuko duten informazio guztia helaraziko dutela.

Dirulaguntzak

Bestalde, Getxo larrialdi eremu bezala jotzea eska dezan alkateari exijitu diote. Gobela garbitzeko eta egokitzeko behar diren herrilanak egin ditzan, ordea, Eusko Jaurlaritza sakatzeko laguntza emango dutela agindu diote Landari. Era berean, uholdeek kaltetutakoei laguntzeko asmoz Udal Gobernuak egin ditzakeen aurrekontuen aldaketak erraztuko dituztela iragarri du Andradek. Izan ere, 2008ko aurrekontua oraindik Udalbatzara eraman ez duelako PPk eta PSE-EEk aurrekontua ukitzen dituzten partida guztiak blokeatu dituzte azken hilabeteotan.

Auzokideei dagokienez, PPk bere baliabideak eta bere zinegotziak jarri ditu auzokideen esanetara. Horretaz gain, Getxoko Udalak familiako 1.000 euroko laguntza ordaintzea eskatu dute, "askok guztia galdu dutelako eta ezin dutelako itxaron aseguru-etxeei edo Foru Aldundiaren erretentzioei, orain behar dutelako dirua poltsikoan". Laguntza horiek bat-batekoak eta itzuli beharrik gabekoak izan beharko lirateke, popularren aburuz. Are gehiago, gogoratzen dutenez, "iaz Getxoko Udalak 22 milioi euroko superabita izan zuenean".

Auzokideekin batera, Larrialdi Zerbitzuetako langileak izan dira hitz gozoak jaso dituzten bakarrak PPren agerraldian. Behin horiei eskerrak emanda, Andradek oihartzuna eman die hainbat auzokidek erakutsitako haserreari eta PP haiekin bat datorrela esan du. Popularren ustez, igandean uholdeez gain jazo zena "jarduteko protokoloa baten erabateko hutsunea" izan zen: "inork ez zekien zer egin behar zuen. Ez da posible udaltzain batek ez jakitea zer egin dezakeen eta zer ez". Era berean, Udalari egotzi diote koordinazio zentroa sortu ez izana, "Babes Zibila eta polizia ezberdinak koordinatzeko". Horren ordez, "bakoitzak bere aldetik jardun zuen" baloratu du Getxoko PPren bozeramaileordeak.

Guardia Zibila

Baina udalerriz kanpo ere bilatu ditu erantzukizunak Andradek: "ez gaitu balio orain Euskalmeti errua botatzeak, ezta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eder batek ura datorrenean ezin dela ezer egin esateak". Popularrek gogoratu dute Getxo udalerriak 85.000 biztanle dituela, 100 bat milioi euroko aurrekontua eta baita "Euskadi osoko zergarik altuenak" ere. Horregatik, aitortu dute ez dutela ulertzen zelan ez den hau aurreikusi eta horretan inbertitu, "jakina zenean". Horrela, Andradek gogoratu du Zubiletako auzokideak orain dela pare bat aste bildu zirela Udalarekin eta Gobela garbitzea eskatu zutela, ohiko zonalde kaltetua delako. Gainera, aipatu du PPk urteak daramatzala Gobela garbitzeko eskatzen, baina "Udal Gobernu nazionalistak" ez diola kasurik egin eta, hortaz, "lohia pilatzen joan da, ubidea betez".

Bestalde, Guardia Zibila erabili ez izana eta udaltzain guztiak hasieratik deitu ez izana leporatu dizkie larrialdiko arduradunei: "goizeko 1etan ez zituzten udaltzain guztiak esnatu, nahiz eta Ertzaintza dagoeneko gertatzen ari zenaren jakitun izan. Adibidez, Aldapara udaltzainak ez ziren heldu goizeko 11ak arte. Ez da zilegi Aldapa bezalako auzo populatuak erne jarri ez izana. Gainera, hori dela eta auzokideek ondasun gehiago galdu dituzte. Zubilletan, esate baterako , kotxeak harrapatuta gelditu ziren horregatik. 'Erauntsia pasatu eta guardasola atera' ibili zen Udal Gobernua. Eta auzokideei goizeko 1etan udaltzaina, ertzaina, suhiltzailea zein guardia zibila esnatzen ibiltzea ondo ikusiko zuen gure ustez".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun