Txosna gunean urteroko zailtasun berdin xamarrekin aurkitu gara Leioako Udalaren partetik, jadanik konponduta beharko luketenak.
Baina nola liteke, iaz 4 eguneko egitaraua osatzeko 17.000 euroko diru laguntza emanda, aurten sei eguneko jaiei aurre egiteko soilik 9.500 euroko dirulaguntza ematea txosnen guneari? Nola liteke txosna gunearen 6 eguneko jaietako 43.000 euroko aurrekontuaren aurrean, Udalak bi kontzertutan 60.000 euro baino gehiago gastatzea? Nola liteke, urterik urte eztabaidagai berdinetan aritzea eta ez herritarren partehartzean, jaietan, edota berauen antolaketan? Nola liteke jaiak antolatzeko zailtasunak eta oztopoak, urterik urte aurkitu, eta ez gainditzea?
Maritxu Teilagorri Txosna Batzordeko kideok, gure ibilbidean gainditu bako oztopoak behin eta berriro aurkitzeaz nekatuta gaude. Hala ere, jai herrikoi eta partehartzaileen alde gure jardunean jarraituko dugu, Inauteriak antolatzen, udaberriko jaitxoak egiten, txosna gunea dinamizatzen. Leioako herriak merezi dituen jaiak antolatu eta gunea modu egokienean osatzeko lanari ekingo diogu. Jai herrikoi eta partehartzaileak aurrera!