Bestalde, berak eta bere Gobernu taldeak Gobela ibaia kanalizatzeko "asmoa badutela" adierazi du Landak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako arduradunekin hitzartu dute bilera, "ia guztiz idatzita dagoen" Gobela ibaia bideratzeko egitasmoa aurkezteko helburuarekin. “Udalak egitasmoari bultzada ematea eskatuko du, bideratze hori lehenbait lehen egia izan dadin”, gaineratu du alkateak.
Era berean, atzo Aldunditik aipatu bezala, udal agintariak esan du "ez larunbatean, ezta igandean (ekainaren 1eko goizaldean) ere", ez zutela alerta abisurik jaso. Larunbatean, 19:16an, “beste batzuetan jaso den eguraldi iragarpenaren antzeko bat" heldu zitzaiela azaldu du. "Eta orain arte ez da inoiz uholderik izan”, Landak zehaztu duenez. “Igandean jasotako iragarpenek ere ez zuten horren arriskurik iragartzen”, alkatearen hitzetan. Informazio soil horrekin egin behar izan zion aurre larunbat eta igande arteko gauari eta “hortaz, egoeraren gaineko geure azterketa propioak aintzat hartuta, eta egoera hartzen ari zen itxura txarra ikusita, goizaldeko 3ak aldera Larrialdietarako Udal Plangintzan aurreikusita dagoen larrialdi protokoloa indarrean jarri genuen”.
Balantzea
Uholdeek utzitako kalteen balantzeari dagokionez, 104 atari, 56 beheko eta etxebizitza gertatu dira kaltetuak. Baita 31 garaje eta guztira 1.003 aparkaleku ere. Zapuztutako ibilgailuen kopurua, berriz, 300 eta 500 artekoa da. Bestalde, 17 saltoki eta ostalaritza establezimenduetan, Getxo I institutuan, Larrañazubi ikastetxean eta DYAren hirugarren adinekoentzako eguneko zentroan kalteak izan dira. Ondasun partikularretan izandako galerak 4 eta 5 milioi euro artekoak dira, Joseba Arregi Hirigintza zinegotziaren arabera.
Udal ekintzei dagokienez, 38 etxebizitza, 31 garaje, 7 saltoki eta ostalaritza establezimendu, aipatutako bi irakaskuntza zentro eta eguneko zentroan lan egin dute. Bestalde, Udaltzainek Itzubaltzeta / Romo eta Plentziako Hiria ingurutik 1.000 ibilgailu baino gehiago atera zituzten. Beste ehun bat auto Algortatik Etxezuri eta Itzubaltzeta aldera bidali zituzten. Azkenik, udal ondasunetan izandako kalteei dagokienez, Fadurako kiroldegia izan da zapuztuena eta, lehenengo aurreikuspenen arabera, galerak 6 milioi euro baino gehiagokoak izango dira.