Gobela ibai arroaren pare parean eta honen eraginpean dauden guneetan etxebizitza, industria pabiloi eta kirol ekipamendu gehiago eraiki dira azken urteotan, kalterik sortu gabe ibaiari gainezka egiteko leku murritzagoa utziz. Uholdeak hartutako guneak plano batean marraztuz, urpean geratu diren etxe, eraikin eta kaleak, bete betean daude 1999ko Ibaiak eta Ibaiertzak Babesteko Lurralde Arloko Planak grafikoetan zehazten dituen uholdeak izan ditzaketen guneetan. Etxe hauetako batzuk azken milurte honetan eraiki dira.
Uholdearen eraginpean izan diren guneetatik kanpo ere izugarri eraiki da eta lurrari, ibaira isuri aurretik, urak xurgatzeko aukera nabarmen murriztu zaio. Goian aipatutako azpiegitura lana kenduta, uholdeen arriskua prebenitzeko hobekuntzak baino, txarrera egin du egoerak azken hamarkada hauetan.
Kaltetutako herritarrak behar bezala lagundu ondoren, izandakotik ikasi eta aurrera begiratzeko unea da. Atzerapenik gabe Gobelaren arroa egokitzeko duela zenbait urte tramitatzen ari diren plana eta proiektua, gure uste apalean oro har egokiak direnak, gauzatu behar dira. Jadanik planoetan zehaztuta dauden uholdeak izan ditzaketen guneetan ez litzateke inola ere gehiago eraiki ezta urbanizatu behar. Gune hauetan dauden eraikinen egoera eta kokapena sakonki aztertu ondoren, lekualdaketa ala babes eta ziurtasun neurrien artean aukeratu beharko da kasuan kasu.
Eta azkenik, eskualdeko urak Gobelara heldu aurretik lurrak goxo har eta xurga ditzan, Uribe Kostan milaka eta milaka etxebizitza, hektarea askotako urbanizazioak eta errepideak eta kaleak kilometroka eraikitzea aurreikusten duen Bilbo Metropoliaren LZP-PTP izeneko lurralde antolaketa plana gelditzeko eta goitik behera eraldatzeko beste arrazoi garrantzitsu bat gehiago ere badaukagu.
Christian Reinicke, Getxoko ezker abertzaleko kidea