Mintza Egunari hasiera emateko, Algortako Portu Zaharrean egingo diete ongi etorria berbalagunei. Ondoren hamaiketakoa egin eta kalejiran joango dira Algorta erdialderaino, bertan metroa hartu eta Itzubaltzeta / Romon bazkaria eta Patxi Perezen erromeriaz gozatzeko. Euskal Herri osoko 46 udalerritan 2.500 lagun inguruk parte hartzen dute, astean behin, kalean, parkean, tabernan edo frontoian, giro lasai eta atseginean, euskara dakitenak eta ikasi berriak euskaraz berba egiteko elkartzea helburu duen egitasmoan. Getxo udalerrian berriz, zortzi urte dira, Bizarra Lepoan euskara elkarteak berbalagun egitasmoari ekin zionetik. Egizuk 2005ean hartu zuen lekukoa eta, ordutik hona, bi urtetan behin sinatzen dute hitzarmena Udalarekin.
Egitaraua:
11:00 Ongietorria Algortako Portu Zaharreko orubean: bertsolariak, txalapartariak, suziriak eta Getxoko berbalagunek 350 lagunentzat prestatutako hamaiketakoa.
11:30 Ibilaldi gidatua Xabi Payaren eskutik: Portu Zaharra eta Usategi.
12:30 Kalejira koloretsua eta musikala (Basagoiti Etorbidea, Kasino plaza eta Telletxe plaza)
14:30 Herri bazkaria Santa Eugenia plazan (Itzubaltzeta / Romo)
16:00 Sari banaketa: bazkalosteko giroa aprobetxatuko dute mintzapraktika egitasmoen bilakaeran parte hartze eta garrantzia berezia izan duten zenbait erakunde eta laguni eskerrak eman eta opari xume bat ere egiteko.
16:30 Patxi Perezen taldeak gidatutako erromeria.