Espainiako Auzitegi Nazionalak 2003ko otsailaren 20an "Euskaldunon Egunkaria" itxi eta gero, ekainaren 21ean sortu zen "Berria", eta bere sortze prozesuan oso garrantzitsua izan zen herriz herri egindako lana. Horregatik erabaki du EKTk 5. urteurrenaren harira eskualdez eskualde ekitaldiak egitea. "Ekitaldi horiek helburu bikoitza dute: orain bost urte jaso genuen laguntzarekin zer egin dugun azaldu eta aurrera begirako proiektuak aurkeztea", dio EKTk. Andoain, Gernika-Lumo, Donibane Garazi, Donostia, Altsasu, Ondarroa, Eibar, Bilbo, Bera, Irun, Durango, Tolosa, Gasteiz, Arrasate, Iruñea, Baiona, Laudio eta Zarauzkoaren atzetik etorri da Algortako ekitaldia; eta Beasain, Lizarra eta Errenteria izan ondoren, Donostiako Kursaalean egingo dute ekitaldi nagusia, ekainaren 21ean, 19:30ean. Horretan parte hartuko dute, besteak beste, Logela Multimedia, dantzariak, Anari eta Ruper Ordorika abeslariak. Baita Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Xabi Paya, Asier Otamendi, Xabier Silveira eta Amets Arzallus bertsolariak; eta Harkaitz Cano eta Kirmen Uribe idazleak ere. Sarrera doan izango da. Hala ere, aurretik eskatu beharko dira txartelak 943 304 030 telefono zenbakiaren bidez edo "Berria"-ren webgunean. Ekitaldi amaieran urteurrenerako etiketatutako sagardo botila bat, "Berria"-ren pin bat eta harpidetza bi hilabetez doan jasotzeko txartel bat (ekitaldira joan dena harpideduna bada, beste bati oparitzeko) jasoko dute joaten direnak.
Euskararen normalizazioan eragin
CIESen 2007ko datuen arabera, 67.000 irakurle ditu "Berria"-k Hego Euskal Herrian. Egunkaria tarteka irakurtzen dutenen kopurua kontuan hartzen badugu, euskaldunen %25ek irakurtzen du. "Oraindik euskarazko prentsara hurbildu ez den euskarazko irakurle multzoa erakartzea" dela "Berria"-ren helburu nagusienetakoa diote ordezkariek. Euskararen normalizazioan eragitea xede duen komunikabideak astero astero gehigarri bereziak ere kaleratzen ditu. Komunikabideek jarraitu beharreko bide berrien garrantziaz oharturik, Berria ez da prentsa idatzira, edo papereko ediziora mugatu. Horren adibide garbia da www.berria.info webgunea eta baita horren edizio jarraitua ere.