Ekainaren 10ean, asteartearekin, nekazal guneen garapenerako Jata-Ondo elkarteak barrikoztarrei aurkeztuko die “Informazio eta Komunikazio Tekonologien Dinamizatzailea” izenburuko egitasmoa; Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak sustatzen duen “Plan Avanza” proiektuaren baitan. Egitasmo horren helburu nagusia nekazal kutsuko inguruak eta hiriguneetatik aldenduta daudenak teknologia berrien gizartean sartzeko ahaleginak egitea da. Horretarako “TIC dinamizatzailea” sortu dute, une bakoitzean dauden baliabideak neurtu eta egoki ezartzeko, teknologia berrien erabileraz herritarren artean sentsibilizazio kanpainak egiteko, udaletan web orrien erabilera bultzatzeko, eta banda zabalaren “gerizpeko zonaldeak” zehazteko, egoera konpondu asmoz. Horrez gain, Jata-Ondo elkarteak Barrikako egoera zehatza zein den jakiteko, galdeketa igorri die herritarrei, behar bezala bete eta udaletxean utzi dezaten. Bileraren egun berean ere aurkeztu daiteke inkesta. Ekitaldia 19:00etan izango da, udaletxeko gela nagusian.