Larunbatean, ekainak 7, Bizkaiko Erraldoien Egunaren bigarren edizioa hartuko du Areetak. Hori dela eta, bost erraldoi-konpartsa eta beste horrenbeste gaitero-talde batuko dira bertan. Ekitaldia Bizkaiko Gaiteroek eta Ondalan eta Getxoko Erraldoien Konpartsek antolatuta dago, Getxoko Kultur Etxearen laguntzaz. Aurten Bermeoren lekukoa hartu dute bertokoek jarduera horren antolakuntzan. Ekimenak honako helburu hauek ditu: batetik, Bizkaiko erraldoien konpartsak ezagutzera ematea eta, bestetik, herri-tradizioa bultzatzea. Ospakizun hori dela eta, konpartsek kalejira egingo dute Bizkaia Zubiko plazatik Xake plazaraino. Honako talde hauek izango dira Bizkaiko Erraldoien Egunean: Ondalan (Deustu), Mendialde (Santurtzi), Basurtoko eta Bermeoko erraldoien konpartsak eta Agurra Dantza Taldearen erraldoien konpartsa. Desfileko musikaz Bizkaiko Gaiteroak arduratuko dira. Argazkian, erraldoiak Bizkaiko Zubi azpian dantzan.