Eugene Bridges musikaria (Louisiana, AEB, 1963) “Hideaway Slim” blues gitarra jolearen bost seme-alabetako laugarrena da. Haren ama Bullock familiakoa zen; familia honetako kiderik ezagunena Anna Mae Bullock da, Tina Turner ezizenez ezagunagoa. Bost urte zituela, Eugenek aitarekin jo eta bere neba-arrebekin gospel kantatzen zuen The Bridges Brothers taldean. Hamahiru urterekin rhythm&blues-eko musikari berrien lehiaketetan parte hartzen zuen, eta bere lehenbiziko taldea osatu zuen: The Five Stars.
Hiru urte eman zituen Texasen, armadan, eta, hori utzi ostean, The New Chosen Singers taldean sartu zen, gitarra jotzeko eta abesteko. Geroago The Mighty Clouds of Joy taldean sartu zen. Eugene Houstonen jarri zen bizitzen eta zenbait grabaziotan parte hartu zuen hiru taldetan, blues, gospel eta R&B estiloetan. Taldeokin herrialde osoan jo zuen. Gero Europara joan zen bera bakarrik. Parisen, Big Joe Turnerrek, BB Kingen baxu joleak, aukera eman zion bere Memphis Blues Caravan taldean parte hartzeko, gitarra bakarlari eta abeslari gisa.
Urtebete beranduago dena utzi zuen bere taldea osatzeko: Eugene Hideaway Bridges Band. Blueside disko-etxearekin kontratua sinatu zuen eta “Born to be Blue” grabatu zuen, Mike Vernonek ekoiztua. Zuzeneko emanaldietan kritika bikainak jaso zituen. Eugenek urteko kantaririk onenaren saria jaso zuen, Blueprint britainiar aldizkariaren eskutik. 2000. urtean Armadillo disko-etxearekin sinatu zuen eta bere hurrengo diskoa atera zuen: “Man Without A Home”. Disko hau mundu osoan entzun zen eta Eugene sarritan kartel-buru gisa agertu zen hainbat jaialditan: Estatu Batuetan, Europan, Singapurren, Zelanda Berrian eta Australian. Bere hegoaldeko soinu bereziari esker arrakasta handia izan zuen.
2003an “Jump the Joint” grabatu zuen. Living Blues amerikar zerrendan laugarren jarri zen eta hiru astez zerrendan iraun zuen. Eugeneren abestiak, gainera, The National Association of Rhythm & Blues DeeJaysen zerrendetan ageri ohi dira. 2003an hiru Cammy saritan nominatu zuten AEBetan. 2004an “Coming Home” argitaratu zuen. Disko honetako zenbait kantutan haize-tresnen sekzio oso bat sartu zuen, Seth Kibelek zuzendua. Abesti bitarako Texaseko Rocky Athans gitarra jolearen laguntza jaso zuen. Bere azken lana “Eugene Hideaway Bridges” da, zenbait lagunekin grabatua: Lucky Oceans, Ian Moss, Clayton Doley eta Ray Wylie Hubbard.
Asteburua
Biharamunean ere, larunbatean, saio bikoitza egongo da. Lehenengoan, The Reverendos laukote bizkaitarraren doinuez gozatu ahal izango dugu. Taldeak 40ko eta 50eko hamarkadetako bluesa berreskuratzen ditu, Kaliforniako West Coast bluesa, rockabilly-a eta swing-a ahaztu gabe. Bigarren saioan 2008ko jaialdiaren izarra aterako da agertokira: Robert Cray handia, blues-soul estiloaren ordezkari nagusienetariko bat. Hiru Grammy sari lortu ditu bere jardueran Georgiako musikariak eta sei aldiz izendatu dute sari ospetsu horietan. Crayk etengabe landu du soula eta tradizioak ezarritako mugak zeharkatu ditu behin eta berriro, bide berriekin esperimentatzeko eta berezko estiloa lortze aldera.
Azkenik, ekainaren 8an, igandean, Shemekia Copeland etorriko zaigu Getxo&Bluesera. 2002. urtean jardun lehenengo aldiz Harlem auzoan jaiotako artista. Copelandi etorkin oparoa iragarri zitzaion eta, gaur egun, ospea errealitate bilakatu da. 1998an, 18 urte zituela, grabatu zuen bere lehenengo diskoa eta Koko Taylorren mailako abeslari handien oinordekoa omen da. Copeland erraz garatzen ditu hainbat ahots-erregistro eta, nahiz eta gaztea izan, egungo bluesaren eszenako goiko lekuetan kokatu da.