Dagoneko iaz hilabete aurreratu zuen udako gauetako zerbitzuaren hasiera Metro Bilbaok. Aurten ere, ostiral honetan, ekainak 6, ekingo dio asteburuetako gau guztietan metroa zabalik izateari, iraileko azken asteburura arte. Enpresaren kalkuluen arabera, 16.000 pertsona baino gehiagok erabiliko dute gaueko zerbitzua udako ostiral bakoitzean. Zerbitzu hau jarriz "asteburuko lehen gau eta goizaldeko garraio eskaria ase gura da", azken urteotan, "bereziki ekainean eta irailean", gero eta handiagoa baita, Metro Bilbaok prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez. Enpresak nabarmendu du ekimen honen bidez, "bezeroari ematen dion zerbitzua hobetzen segitzen duela" eta harro agertu da "une hauetan estatuan gau osoko zerbitzu etengabea eskaintzen duen metro bakarra" delako, eta "munduan 65 orduz segidan zabalik egoten den bakarretako bat". 2007an zehar hogeita lau orduko 80 zerbitzu eman ziren. Zerbitzua ostiraletan gau osoan luzatuko da, goizaldeko 2etatik 6etara 32 bidaia gehiago eginez eta ehun bat pertsonek egingo duten lanari esker. Trenek neguko zerbitzuko edozein ostiraletan baino mila kilometro gehiago egingo dituzte udako ostiraletan. Argazkian, metroa jendez lepo Bilboko jaietan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!