Bazkalorduan seme-alabak hunkituta mintzatu dira galeraren tamainaz; deigarria izan da ikustea zerk hunkitu dituen gehien: "Nire gelakidearen etxean hiru telebistak, ordenagailuak eta Play Station 3 hondatuta. Elektrizitaterik ere ez dute, zer egingo dute egun osoan? Ezin dute ezertxo ere egin eta, gainera, nola ikasiko dute? Azterketa garaian gaude!".
Zaila egiten da azaltzea elektrizitaterik ez zegoen garaian ere jendeak ikasi egiten zuela eta Cervantes-ek berak "Kixotea" idatzi zuela elektrizitaterik gabeko etxean. Mintzaide batek esan du horren harira, "tira, baina unitate elektrogenoren bat eduki zuen nonbait, ezta? Generadore txikia ez bada ere! Ez zuen idatziko kandelen argitan, ezta?".
Txantxak egin beharra ezbeharra leuntzearren, umorea ukendu gisa ateratzen da une lazgarrietan. Eta, oharkabe, hausnarketa: zer da ezinbesteko, eta zer ez da nahitaezkoa? Noraino ordezka daiteke galdutakoa? Eta erantzuna erraza da: diruz eros daitekeen guztia ez da ezinbestekoa. Galera, egiazko galera izaten da dirua izanik ere ordezkatu ezin daitekeen hori: haurtzaroko argazkiak, liburu zahar eta kuttunak, hilabeteko lana ordenagailuko disko gogorrean... Telebista berria eros daiteke, oheak eta arropa, sukaldeko tresneria guztia, mahaiak eta aulkiak, baina ezin eros daiteke curriculum afektiboarekin loturik dauden objektuak, gure memoriaren gordailua diren zenbait gauza, dirutan merkeak izan arren eta merkatu-baliorik gabekoak badira ere, gure irudiko balio handikoak diren gauza ñimiñoak.
Gauzen balioa! Inoiz baino hobeto ulertzen da txikitan etxean entzundako hura: "Zein den pobrea Urlia, dirurik baino ez dauka-eta!".
Dirua jasoko dute aseguru-etxeetatik -gutxi- eta erakundeek ere abantaila fiskalak eskainiko dizkiete nonbait -mixeria hutsa-. Baina zenbait gauza ez da diruz konpontzen. Familia batzuek auzotik atera beharko dute, egunerokotasunetik aldendu, ohiturak aldatu, automatismo berriak eraiki, ibilbide arruntak sortu, eguneroko aurpegiak ikusteari utziko diote, hainbat arlotan zerotik hasi beharko dute... Bizimodua aldatu egiten du uriolak, edo suteak, edo lurrikarak.
Eta aldaketa ez da txarrerako izan behar, halabeharrez. Zenbatek deskubrituko du zer dagoen gauzen azpian, zer den egiatan baloratzen dutena, noraino izan den galera, eta noraino irabazia. Agian ez da irabazi ekonomikoa, ados, baina bai beste arloren batean. Gauzak baloratzeko moduan esaterako. Agian.
Laura Mintegi idazle algortarrak gaur "Gara" egunkarian argitaratutako gutuna