"Egunkari bat itxi den moduan ixtea ezin larriagoa da. Eta hori horrela da itxiera benetan aldi baterakoa izanez gero, baina aztertzen ari garen kasuetan itxiera heriotza zigorra bihurtu da, luze gabe, aipatutako egunkarientzat, enpresa-proiektua suntsitu delako. Horri beste astungarri bat erantsi behar zaio: instrukzioa urteetan luzatu da, eta beharrik gabeko luzapenik onartzen ez duen prozesu zuzen baterako eskubidea urratu", adierazi du Azkarragak.
Justizia sailburuaren ustez, "kautelazko neurria hedabideen itxiera irmotzen duen zigor aurreratu bihurtzen da, eskubideen errespeturako inolako bermerik gabe; aitzitik, eskubideak urratu egiten dira".
Gai horien larritasuna kontuan hartuz, Bake eta Bizikidetza Planean sartu ziren, hor jasotzen baita giza eskubideen arloko gai nagusiei buruz Eusko Jaurlaritzak duen jarrera. Horren haritik, Joseba Azkarragak gogorarazi duenez, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak azterketa "kritiko eta guztiz demokratikoa" bultzatu du, adierazpen- eta informazio-askatasunen inguruan jartzen ari diren muga berriei buruz.
Zeharka, errua ETArena da Azkarragarentzat
Horrekin lotuta, lehen urratsa aipatutako prozesu judizialen eboluzio juridikoari buruz Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako txostena izan da. Txosten hori nazioarteko adituek aztertu zuten joan den urtearen hondarrean.
"Guztion zoritxarrerako, ETAren ekintza terroristek salbuespenezko legegintza sorrarazi dute azken hamarkadetan" adierazi du Azkarragak.
"Eta ez dut zalantzarik edozein jarduera terroristak erantzuna behar duela. Baina erantzun horrek ezin ditu arriskuan jarri zuzenbidezko estatu baten bermeak eta oinarrizko askatasunak. Demokraziaren handitasun morala, hain zuzen ere, horretan datza: askatasunaren defentsa hainbat mugaren pean jartzen da, horietatik haratago erakundeen indarkeriak gainezka egiteko arriskua baitago".
Justizia sailburuak, bere agerpena amaitzeko, gaineratu duenez, estatu demokratikoek normaltasunaren bidetik erantzun behar dute, berdintasunaren eta pertsona guztien eskubideen errespetuaren printzipioei men eginez. "Nire ustez –adierazi du Azkarragak– ez da huskeria, ez horixe, terrorismoaren aurkako borrokaren eta iritzi-, adierazpen- eta informazio-askatasunaren arteko erdibidea aurkitzen asmatzea".