Zapatuan furgonetan lo egitea suertatu zen, horretarako erosi nuen. Asteburuak bertsodisea bihurtu zirenetik, betidanik, hamalau urtetako futbol partida eta plazako arratsaldeak prehistoria baitira, furgonauta izango nintzela ulertu nuen. Eta autoestop aro paleolitiko baten ostean, Gipuzkoa barreneko asteburuetako garraio publikoa ezagutu eta furgonauta egin nintzen. Ulises eta Telemakorekin ibiltzeko. Nahiko lan izan nuen lo hartzen, furgoaren gainean Iguazuko urjausiak ipini zituztela zirudien. Natura menderatua duela uste duen artaburuaren lasaitasunarekin hartu ninduen loak. Itakara heltzen nenbilela xabimet-en partea heldu zitzaidan, irratia piztu eta nire udalerriaren izena entzun nuen lehenengo aldiz, suarekin barik, urarekin lotuta.
Ikusgarriak errepide ebakiak, sirena hotsak eta itotako arratoiak. Telebistakoak ziruditen irudiak errealitatean. Getxo telebistan eta Myanmar kalean. Eta alderantziz. Jendea kaletik igeri, garajea ireki eta piszina aurkitu, orain jakin dut almazeneko salgaiak paleen gainean ez badaude aseguruak ez duela ordaintzen...
Hori bai, alde bi baino ez dira izan kaltetuak. Eta auzokide bati euskara apur bat irakasteko balio izan zidan jokaldiak. Fadura eta Gobela (bertoko ibaiaren izena) auzuneak izan dira uriolek kaltetuak. Pantano eta río deitu izan balira, agian argiago ikusiko lukete batzuk.
Nire galdera da ea non dauden dirua arin egiteko etxeak edozein lekutan eraiki zituzten haiek. Eta ez badira ur gainean itota ikusten genituenak: noiz bete beharko dituzte enpresaburuek naturarekiko, eta bezeroarekiko, begirune baldintzak?
Fredi Payak gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.