Atzo plazaratutako epaiaren bidez, Dignidad y Justicia (DyJ) elkarteak Eneko Arruebarrena Leioako alkate jelkidearen kontra aurkeztutako kereila artxibatu du Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Auziaren muina dira Eustakio Mendizabal “Txikia” eta Txabi eta Joseba Etxebarrietari eskanitako bi kaleen izenak. Instrukzio-epaileak dio hiru horiek "ETAko kideak zirela egiaztatzen duen ebazpen judizialik ez dagoela". Halaber, Pedrazek ez du onartu Arruebarrena "terrorismoa goraipatzea eta biktimak umiliatzeagatik" auziperatzea, aipatu kaleei izen horiek ez kentzeagatik, DyJ-k eskatu bezala. Terrorismoaren biktimen elkarteak jarri zuen kereila "oinarririk" eta "funts judizialik gabekoa" dela esan du epaileak. Horrez gain, elkarteak auziaren gastuak ordaindu beharko ditu. Bestalde, "kale, biribilgune, plaza... bat izendatzeak Udalaren ardura" dela adierazi du Pedrazek. "Herritarren bat ados ez badago egin behar duena da dagokion administrazio prozedura hartu", dio. Leioako PPk
udal batzarrera bideratu ditu horrelako ekimenak. Argazkian, Eneko Arruebarrena Leioako alkatea.