Eskerrak eman dizkie uribekostar eta erandioztarrei "Berria"-k

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 6a, 20:46

"Luzatu bostekoa" lelopean, Uribe Kosta eta Erandioko hainbat txokoetatik heldutako 60 lagun inguruk bat egin zuten atzo iluntzean, Algortako kultur etxean egindako ekitaldian, "Berria" egunkariaren bost urteak ospatzeko. Bertan izan ziren, besteak beste, Laura Mintegi eta Iñaki Friera idazleak, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidentea, German Kortabarria ELAko idazkari nagusi ordea, Asier Hormaza aktorea eta Endika Guarrotxena Athletic-eko jokalari ohia; baita Uribe Kostako AEK, Bizarra Lepoan, Egizu Getxo Euskaldun!, UKBERRI.NET eta orain bost urteko "Euskaldunon Egunkaria"-ren aldeko tokiko batzordeetako kideak ere. Alderdi politikoen artean, berriz, eskualdeko ezker abertzaleko kideak, Aralarrekoak, Leire Pinedo Sopelako EAren zinegotzia eta Josu Loroño Getxoko Komunikazio zinegotzi jelkidea egon ziren ospakizunean. Horiei guztiei "eskatzera beharrean ematera" etorri zitzaizkiela adierazi zieten "Berria"-ren arduradunek; "bost urte hauetan emandako babesa eta elkartasunagatik eskerrak ematera, alegia". Argazkian, Martxelo Otamendi atzoko ekitaldia, Martin Ugalde zenaren irudia atzean duela. Argazki gehiago ikusteko, sakatu hemen.

Atzoko ekitaldian Gotzon Hermosilla Bizkaiko erredakzio burua izan zen hitza hartzen lehena eta oroitzapenak berehalaxe etorri zitzaizkion burura. "Orain bost urte leku askotara joatea egokitu zitzaigun, baina zuen kasuan, zuek etorri zineten gugana. Garai horretako aurpegi asko ari naiz ikusten areto honetan", aipatu zuen, "Berria"-ren langile guztien izenean eskerrak emanez. Kultur etxeko aretoan ziren, Bittor Egurrola algortarra buru, Egunkariaren aldeko batzordeetan lan egindako lagun ugari. Hala ere, orduan egindako lana bezain garrantzitsutzat jo zuen Hermosillak ondorengo bost urteetan erakutsitako elkartasuna: "egunkaria erosiz eta harpidetuz, zuon berotasun eta sostengua sentitu dugu", aitortu zuen Bizkaiko erredakzio buruak.

Bideo emanaldiaren ostean, Martxelo Otamendi "Berria"-ren zuzendariari heldu zitzaion txanda. Duela bost urte herritarrek emandako ia 5 milioi eurorekin sortutako Euskarazko Komunikazio Taldea (EKT) enpresak bakarrik zein beste eragileekin elkarlanean egindakoa ("Berria", "Hitza" egunkaria zazpi eskualdeetara hedatu, Hitza.info webgunea...) zein etorkizunera begirako asmoak (Hamaika telebista...) zerrendatu zituen berak. Zeozer nabarmentzekotan, luze jota urte eta erdi barru, inprimategi propia -orain arte "Noticias de Navarra" kazetakoa erabili dute- edukiko dute "Berria" kaleratzeko. "Gara" egunkaria eta "Hitza"-k ere bertan egingo dira, guztiek batera Bidasoa enpresa eratu baitute. Bitartean, aipatu eskualdeko edizioen hedapena geldirik dago, zazpi horietatik bik dituzten "zenbaki gorriak" konpondu bitartean. EKTk 34.000 akziodun ditu gaur egun -1.500 zituen "Euskaldunon Egunkariak" itxi zutenean- eta 380 lagunek lan egiten dute "Berria" zein "Hitza" egunkarietan. Otamendiren hizketaldia bukatuta, luntxa eduki zuten bildutako guztiek; baita Gipuzkoako sagardo botila opari ere. Bizkaiko sagardoaren aurtengo uzta, berriz, gaur bertan aurkeztuko dute 19:00etan, Bilboko Kalderapeko euskal kulturgunean. Bertan abestuko dute Fredi eta Itxaso Paya bertsolari algortarrek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun