Robert Cray izango da bihar Getxoko Blues Jaialdian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 6a, 22:57

Getxoko Blues Jaialdiaren egun nagusia izango da biharkoa. 21:30ean, lehenengo saioa egingo dute Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan, The Reverendos taldearen eskutik. Laukote getxoztarrak 40ko eta 50eko hamarkadetako bluesa jotzen du, Kaliforniako West Coast bluesa deritzona, rockabillya eta swinga ahaztu gabe. Horien ostean, ikusleek aurtengo artista nagusiaren kontzertuaz gozatu ahal izango dute: Robert Cray-rena alegia. Blues-soul estiloaren ordezkari nagusienetarikoak hiru Grammy sari lortu ditu bere jardueran eta sei aldiz izendatu dute sari ospetsu horietan. Crayk etengabe landu du soula eta tradizioak ezarritako mugak zeharkatu ditu behin eta berriro, bide berriekin esperimentatu eta berezko estiloa lortze aldera. Argazkian, Robert Cray taldekideekin.

Robert Cray (1953, Columbus, Georgia, AEB) gaur egungo bluesaren artista handienetariko bat omen da. Musikari zorrotz, arretatsu eta perfekzionistaren amorratua da Cray. Georgiako instrumentari eta abeslariak hainbat estilo jotzen ditu: bluesa, rocka, rhythm&bluesa eta soula, besteak beste. Musikan hasi zenetik, eskola zaharreko bluesetik aldendu egin eta estilo propioa garatu egin du. Oso gaztea zela eman zituen Crayk lehenengo urratsak musikan. Arkitektura ikasketak hasteko prestatzen ari zela, Steakface taldea osatu zuen. 20 urte beteta, Mendebaldeko Kostako blues aretoetan jarduten hasi zen. 1980an lehenengo lana grabatu zuen: “Who’s Been Talkin’". Horren ondoren, “Bad Influence” eta “False Accusations” iritsi ziren. Mercury Recordsek Cray kontratatu zuen eta diskoetxe horren eskutik “Strong Persuader” lana egin zuen. Diskoak ospe handia eman zion eta Grammy sari bat lortu zuen horri esker.

90eko hamarkada hasi zenerako, Cray artista ospetsua zen. Gitarra soinu bikaina eta soulak eraginiko ahotsagatik nabarmendu zen musikaria. Garai horretan Eric Clapton mailako artistekin aritu zen eta John Lee Hookerren “Boom Boom” disko ospetsuan parte hartu zuen, “Sam Old Blues” abestiaren grabaketan, hain zuzen ere. Geroago Hookerrekin aritu zen berriro, “The Healer” lanean. Gaur egun, Robert Crayk bere estilo gustukoenekin esperimentatzen jarraitzen du: bluesa eta soula eta, tradiziozko musikaren mugak alde batera utzita, generoa berritu eta landu egiten du etengabe.

The Reverendos

Robert Crayren aurretik, Getxo&Bluesek The Reverendos talde getxoztarra ekarriko du. Jaialdiak tokiko blues taldeen aldeko apostua egiten du urtez urte eta, 2008an, Alvaro Martinezek (gitarra), Igor Garciak (teklatuak eta ahotsa), Edu Uñak (kontrabaxua) eta Edu Landetak (bateria) osatutako laukoteak emango dio hasiera larunbateko saioari, 21:30etik aurrera. Bere hasieretan Blue Spirits izena zuen taldeak, baina ondoren, aldatu egin zuten. The Reverendosek bi disko kaleratu dituzte, bigarrena, “Back in Town” izenpean, iaz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun