Astearte honetan, hilak 10, 19:30ean, lau eskutan jotako kontzertua eskainiko dute Moreno-Gistain anai gazteek Areetako Andres Isasi udal musika eskolan. Juan Fernando eta Jose Enrique Moreno-Gistain aragoarrek piano ikasketak egin zituzten Bartzelonako Liceo Kontserbatorioan eta Goi Mailako Kontserbatorioan. Oso gaztetatik muska ikasteko grina sentitu zuten eta pianoa aukeratu zuten beren musika ibilbidea egiteko. Eskainiko duten egitaraua XX.mendeko musikan oinarrituta egongo da. Lehenengo atalean George Gershwinen Obertura kubatarra eta Maurice Ravelen Espainiako Rapsodia eskainiko dituzte eta bigarrenean, Igor Stravinskiren Petrouchka, guztiak lau eskutara pianoan. Bilboko Juventudes Musicales izenekoak antolatu du kontzertua eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren babesa du. Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapena beharrezkoa izango da. Hori musika eskolako atezaintzan har daiteke 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era, eta ordu bat lehenago sarreran bertan.