Askapenaren oharra:
Zergatik Israeli boikota bere jardunbide eta adierazpen guztietan?
170etik gora Palestinar gizarte zibileko elkarte, erakunde eta taldek hainbat urteetan nazioarteko elkartasunari dei egin ostean, nazioartean Israeli boikota egitea, estatu honek palestinar herriaren erabateko zapalkuntza eten dezan presio-bide eraginkorrena dela hausnartu dute. Beti ere 80. hamarkadan Hego Afrikako estatuaren beltzen kontrako apartheid politika eteteko mundu mailan hedatu zen boikot jarrera gogoratuaz.
Boikot hura, mundu mailako elkartasun internazionalistaren ikurretako bat bilakatu zen: Hegoafrikako gobernu arrazistak maila politikoan eta ekonomikoan nozitu zuen boikota; hegoafrikar kirol taldeek, kultur arloak... denek nozitu zuten boikota, Hego Afrika estatu arrazista hartatik ezin izaten ziren era normalean atera. Desmond Tutuk gogorarazi bezala: "Apartheidaren amaiera iragan mendearen garaipen handienetakoa izan zen, baina ez genuen lortuko nazioarteko laguntzarik gabe, batez ere, 1980. hamarkadako desinbertsioa eta boikot mugimenduarena. Azken aldian antzeko mugimendu bat sortu da, kasu honetan, israeldar okupazioari amaiera emateko".
Espero dugu Desmond Tutu zuzen ibiltzea eta Euskal Herrian eta munduan apurka-apurka Israelen kontrako boikot mugimendu erraldoi bat egingo dugula, beren politika arrazista eta genozida bertan behera utz dezaten.
Hurrengo asteartean, ekainak 10, publiko egingo dugu 'elkartasunez' manifestua non Euskal Herriko kultur, kirol eta gizarteko erreferentek Israeli boikot egitea eskatuko duten. Bestalde, Euskal Herriko udal batzuk ere Sakanako 6 udalerrirekin bat egingo dute eta beren boikot jarrera publiko egingo dute.
Eta zer esan Coca-Colari buruz?
Asko dira beren krimenak: herrialde askotako komunitateei lur eta ur lapurretak, sionismoaren finantziazioa, Bushen kanpainarena eta guri boikot deialdi honekin bat egitera bultzatu gintuen arrazoi nagusia: kolonbiar sindikalisten hilketak eta ihes-egite behartuak. Dagoeneko Coca Colako 8 sindikalista paramilitarrek erailak, eta hamarnaka ihes egitera behartuak.
Hori da publizitatean gehien inbertitzen duen transnazionalak, plastikozko irribarren atzean saltzen digun ur pozoidun beltza.
Ekainaren 12an Cocacolariez.org webgunea aurkeztuko da eta Kamaradak gazte internazionalisten sareak publiko egingo du zein gaztetxek bat egiten duen Coca Cola ez hartzearekin.
Jardunaldien beste hanka etorriko elkartasuna da, Europan eta Ameriketan zehar dauden "Euskal Herriaren Lagunak". Izan ere, eta zorionez, ez dira gutxi Euskal Herriari zapaltzen dizkioten oinarrizko eskubideen salaketa egiten duten lagunak, errepresaliatu politikoei babesa eta elkartasuna helarazten dutenak, eta Euskal Herriko sektore konprometituenek Euskal Herri libre eta sozialista bat eraikitzeko eguneroko borroka eta lanari beren samurtasuna eta konplizitate keinua eskaintzen diotenak.
Azken aldian ikusi, entzun eta irakurri dugu Otsaileko elkartasun astean, 25 elkarretaratze ezberdinetan 2.000 lagun batu zirenean, salatu dituzte epaiketa fartsa guztiak, errepresaliatu politikoen kontrako jazarpena, Euskal Herrian pairatzen den salbuespen egoera.
Haietako 15 bat lagun etorriko dira Italia, Irlanda, Gaztela, Paris, Portugal eta Mexikotik, hitzaldiak emango dituzte, hainbat eragilerekin bilerak egin, eta ostiralean Espainiako Gobernu Zibilaren aurrean "Errepresioari stop, ilegalizaziorik ez! Demokrazia Euskal Herriarentzat" lelopean elkarretaratzea egingo dute.
Bukatzeko, Ekainaren 14an izango den Elorrixo Internazionalista Egunera etortzera gonbidatzen ditugu euskal internazionalista guztiak.
Egitarau erakargarria osatu dugu guztiok egun eder bat pasa dezagun eta internazionalismoaz busti gaitezen, beraz etorri eta parte hartu!
Egitaraua:
Asteartea, ekainak 10
- Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian "Israeli Boikot" ekimeneko "elkartasunez" manifestuaren aurkezpena.
Asteazkena, ekainak 11
- "Euskal Herriaren Lagunak" bideo emanaldi eta hitzaldia Gasteizko Garraxi tabernan, 19:30ean.
Osteguna, ekainak 12
- "Euskal Herriaren Lagunak" bideo emanaldi eta hitzaldia Billabonako antzokian, 20:00etan.
-Gasteizen "Coca Colari ez" festa eta bertso-poteoa, 20:00etan, Gebara gunearen aurrean.
Ostirala, ekainak 13
- "Euskal Herriaren Lagunak": elkarretaratzea Espainiako Gobernu Zibilaren aurrean, 13:00etan, Bilbon: "Errepresioari stop, ilegalizaziorik ez! Demokrazia Euskal Herriarentzat".
- Bideo emanaldia eta hitzaldia Elorrioko udaletxean, 20:00etan.