Bizkaibusen ez ezik, metroan ere izango dira lanuzteak astelehenetik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 7a, 21:23

ELAk lanuzterako deia egin izanak eta CIMek horrekin bat egiteak ez dute batere ondo hartu Metro Bilbao garraio enpresako gainontzeko sindikatuek. UGT, CCOO, LAB eta ESK erakundeek "protagonismoa bereganatu" nahi izatea eta "ekintza batasuna apurtzea" egotzi diote ELAri, laurok kaleratutako oharraren (pdf) bidez. CIMeri, berriz, "argitzeko" eskatu diote; "ELAri men egingo diozuen ala, joan den astean esan zeniguten bezala, sindikatuen batasunaren alde lan egiteko asmoa duzuen", aipatu dutenez. ELAk 5 ordezkari ditu Metro Bilbaoko enpresa batzordean; CIMek, CCOOk eta UGTk hiruna; LABek 2 eta ESK sindikatuak bakarra. Kontuak kontu, ekainaren 9tik aurrera, lanuzteak deituak dituzte astelehen eta ostiralero, 7:30etik 8:30era eta 18:30etik 19:30era, ELAk eta CIMek. Bitartean, %40ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak. Aipatu lanuzteek Bilbobus eta Bizkaibuseko gidariek astelehen, asteazken eta ostiralero egiten ari direnekin bat egingo dute. Argazkian, metroko langile bat beharrean, bezeroak trenera sartzen diren bitartean, artxibo irudi batean.

Autobusetako lanuzteek Transportes Colectivos SA (TCSA) enpresaren jardunpeko lineetan dute eragina, hau da, Ezkerraldea eta Nerbioi Garaia eskualdeetara doazenetan eta Bilbotik, Nerbioi Garaitik eta Eskuinaldetik EHUra doazenetan. Uribe Kosta eta Erandiori dagokionez, Areeta, Getxo, Algorta eta Altzagatik Leioa eta Erandioko campuserako autobusik ez dago, 7:30etik 9:30era eta 18:20etik 20:00etara; gutxieneko zerbitzuak kontutan hartu gabe noski. Bilbotik etorrita, Astrabudua zein Erandio Landatik EHUrako bidea egiten duten lineetan ere dute eragina lanuzteek. Baita Astrabuduatik Erandio Landa eta Sondikarako autobusetan ere.

LEP eta selektibitate azterketak gertu

EHUk emandako datuen arabera, 24.000 lagun inguruk egingo dituzte administrazio eta zerbitzuetako langile izateko azterketak. Gauzak horrela, igande honetatik aurrera, 8:30etik 9:30era, Etxebarri eta Portugalete arteko trenen maiztasuna bikoiztuko duela iragarri du Metro Bilbaok; astelehenetik aurrera Ansion jaitsita Barakaldoko BECera hurbildu behar direnentzako. Asteazkenetik ostiralera, berriz, selektibitateko azterketak izango dituzte ehunaka ikaslek eta, oraindik, ikusteke dago autobus eta metroko lanuzteek zer nolako eragina edukiko duten. Bizkaibus da hainbat tokitatik Leioa eta Erandioko campusera heltzeko garraio publiko bakarra.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun