Shemekia Copeland-ek itxiko du iluntzean Getxo&Blues jailaldia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 8a, 22:06

Shemekia Copeland abeslariak itxiko du gaur iluntzean egunotan Itzubaltzeta / Romon ospatzen den Nazioarteko Blues Jaialdiaren XX. edizioa. Harlemeko artistak 2002. urtean jardun zuen lehenengo aldiz Getxo udalerrian eta aurten berriro etorri da jaialdiara, iragarri zitzaion ospea errealitate bilakatuta. 1998an, 18 urte zituela, grabatu zuen bere lehenengo diskoa eta Koko Taylorren mailako abeslari handien oinordekoa omen da. Copeland erraz garatzen ditu hainbat ahots-erregistro eta, nahiz eta gaztea izan, egungo bluesaren eszenako goiko lekuetan kokatu da. Copelanden kontzertua 20:30ean hasiko da, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan eta ohi bezala, sarrera doakoa izango da.

Shemekia Copelanden (Harlem, New York, 1979) jarduera goiz hasi zen. Hala ere, Johnny Clyde Copeland ezagunaren alabak tentuz garatu jakin izan du. Umea zenean, aitak artista handia izango zela ikusi zuen. Cotton Club ospetsura eraman zuen zortzi urterekin. 15 urte bete arte Shemekiak ez zuen bere trebezia handia erakutsi. Aita gaixotu zitzaionean, zalantza ziurtasun bihurtu zen eta bluesarenganako grina bete-betean askatu zuen.

Ibilbide luzeko artista

Txikitatik bere aitaren Texaseko bluesaren eta auzoko elizetako gospel emanaldien eraginpean egon zen Sehemekia. Laster bere estiloa sortu zuen, eta horri esker estatu askotan zehar jo zuen, kontzertu ugari eskainiz.

90eko hamarkadaren bukaeran, blues disko-etxe handienetako batek, Alligatorek, kontratua egin zuen eta segituan bere lehenbiziko diskoa atera zuen. 18 urterekin “Turn the Heat Up” grabatu zuen (1998an), bere lehenbiziko lana. Jendearen eta kritikarien oniritzia jaso zuen, eta bluesaren emakumezko garrantzitsuenetako bat bihurtu zen. 2000. urtean “Wicked" lana atera zuen, eta berarekin W.C. Handy Awards sari garrantzitsua jaso zuen.

Abeslari gazte honek gorantz segitu zuen. Artista handiekin jo zuen: Buddy Guy, B.B. King, Taj Mahal eta abar. Gainera oso ekitaldi handietan abestu zuen, hala nola, Chicago Blues Festival, Montreaux Jazz Festival eta New York State Blues Festivalen.

“Talking to Strangers” (2002) lanean rock kutsua hartu zuen, entzulea harrituz. Bere azken lanean, “The Soul Truth” (2005), soularen bideari heldu zion eta erakutsi zuen emakumezko kantaririk onenetako bat dela. “The Soul Truth” 60ko hamarkadarako eta hegoaldeko soinuetarako bidaia bat da, eskalarik gabekoa. Bertan bi beteranok parte hartu dute: Steve Cropperek eta Chuck Leavellek, Allman Brothers-eko kide ohia.

28 urterekin, Shemekia Copeland ahots handien ondorengoa da (Koko Taylor, Aretha Franklin, Etta James eta Ruth Brown). Lau W.C. Handy sari, Living Blues bost sari eta Grammy-rako nominazio bat dauzka.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun