Gaurko euri jasarekin Zubiletako auzokideen pazientziak gainezka egin du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 8a, 22:25

Gobelako ubidearen gainean eraikita dagoen Algortako Zubileta auzo langileko bizilagunek orain dela zortzi egun bizi izandakoaren errepikapenean egotea sentitu dute gaur. Gobela ibaia gorantza egin eta euriak indar bizia hartu duela, pasa den igandean salbatu zuteneko apurra galtzear zegoela pentsatu du askok eta askok. "Gutako batzuk laguntza psikologikoa behar izango dute" esan dute eguerdian auzoko eledunek, izan ere neska-mutilek "egunero hiltzeko arriskuan" egoteko sentsazioa dutela salatu dute auzokideek. Horrekin batera, Imanol Landa alkateak agindutako Gobela ibaia bideratzeko proiektuaren gaineko informazioa eta ahalik eta lasterren martxan jartzea irmo eskatu dute. Zubiletako auzokideek uholdeak baino bi aste lehenago egon ziren udal ordezkariekin batuta auzoko arazoen berri emateko, tartean lantzean behin ureztatzen dela. Batzar horretan jasotako hitzari, auzokideengandik jasotako auzolanari, eta Udalak uholdeen ostean emandako erraztasunei heldu zieten pasa den astean esperantza gordetzeko, baina gaur egoerarekin haserre daude zeharo.

Bestalde, orain arte agindutako dirulaguntza eta kalte ordain guztietatik oraindik euro bat ere ez dutela ikusi, hainbat auzokidek eguneroko bizitza egiteko dituzten arazoak azaldu dizkiote UKBERRI.NETi eta, Getxoko Udalak udalerriko hoteletan kudeatutako egoitza zerbitzuarekin pozik badaude ere, gogoratu dute zerbitzu hori datorren ostiralean amaituko dela eta jantoki eta garbileku zerbitzuak faltan bota dituzte batzuek. Pare bat urtetan aurrejubilatu Zubiletako etxea alokatu eta bizitzera kanpora joateko plana egin duena ere badago.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun