Despedida: ekainaren 13an, Durangoko Plateruenean
“Ez dok hamairu” erantzun ei zion San Martinek deabruari, honek arima eroan ez zekion; malefizioa hausteko ideia horrek berak eman zion izena euskal kantagintza berriari ekin zion talde dagoeneko mitikoari. Patuari ziria sartzeko asmoa da gurea ere, baina zera diogu: “hamairuan donk!”; ekainaren 13an, hain zuzen ere.
Izan badu 13 zenbakiak halako karga ezkor bat, are ezkorragoa gaur lez asteartea bada, edo datorren ekainekoa lez ostirala denean. Ez gaitu gu horrek atzera botako. Orain dela urte eta erdi ekin genion Bertso berriak eta lagun zaharrak emanaldiari, Korrika Kulturalarekin batera, eta ordurako bagenekien epe baterako proiektua zela gurea. Erabakia genuen eufemismoak inertzia deitzen dion patu mota horrek harrapatu gintzan baino lehenago urkatu egin behar genuela denboraren arbolan, betirako dilindan, eta soka nahikoa luzatu denean halaxe egitea erabaki dugu. Datorren San Antonio egunean, ekainaren 13an, egingo dugu azkenengo saioa Durangoko Plateruenean.
Zenbakiekin jarraituz, hirurogeita laugarren emanaldia izango da azken hori, eta aurrejubilatzeko garaia dela pentsatu dugu: geure gotorlekuetara itzultzeko unea da, erdi libre izateko amets berriak elikatzera garagardotan. Izan ere, behinola amestu genuena bete egin da oraingoan, bete baino gehiago: 64 euskal herri jator, goxo eta putatan izan gara kantuan, tokian tokiko 100dik gora gutar izan ditugu gonbidatu (eta anfitrioi, aldi berean), 10.000 gutar baino gehiago batu ditugu,…
Zenbakiek badute, bai, euren magia. Askoz gehiago oraindik egun argi eta gau ilunetako oroitzapenekin biderkatzen badira. Baina nostalgiak jotako idioten zerrendan zenbaki bat gehiago izan aurretik, gutarrak bildu eta despeditzeko sasoia da.
Hamairuan donk!
Igor Elortza
Fredi, Xabi eta Itxaso Payarekin batera 2007ko martxoaren 22an Astrabuduan emandako saioaren zatia