Getxo&Blues jaialdiak 9.000 zale erakarri ditu Itzubaltzetara

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 9a, 14:13

Getxoko Kultur Etxeak zabaldutako kopuruen arabera, 9.000 bat lagunek gozatu dute aurtengo Getxo&Blues Jaialdiaz, hogeigarren urteurrena bete duena. Ohi bezala, hainbat estilotako musikariak eta taldeak bildu dira Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan. Bertan, Eugene “Hideaway” Bridges, Robert Cray, Shemekia Copeland eta Mr. Groovy & The Blue Heads eta The Reverendos taldeak aritu dira hiru egunetan. Lehenengo jardunaldian, Mr. Groovy & The Blue Heads laukoteak ondo berotu zuen giroa kontzertu nagusirako. Horretan Eugene “Hideaway” Bridges izan zen protagonista. 2.000 ikusle baino gehiago bildu ziren Louisianako artistaren musikaz gozatzeko. Bere seikoteak lagunduta, Bridgesek 90 minutuz jardun zen eta hegoaldeko eta soul doinuak uztartu zituen.

Larunbatean, ekainaren 7an, The Reverendos talde getxoztarra aritu zen lehenengo saioan eta, horren ondoren, aurtengo jaialdiaren artista nagusiak jardun zuen: Robert Cray, hain zuzen ere. Bluesman ospetsuak ez zuen kale egin eta kontzertu bikaina eman zuen Itzubaltzetan bildu ziren 5.000 ikusleen aurrean. Ordu eta erdiko saioan egungo blues eszenaren artista handienetariko bat dena erakutsik zuen Crayk; dotoreziaz, eskarmentu handiaz eta ahots paregabeaz jardun zen bai blues postmodernoetan bai soul abestietan.

Azkenik, amaiera bikaina eman zion Shemekia Copelandek jaialdiari. Atzo bigarren aldiz jardun zen Getxon eta, 2002. urtean aritu zenetik, abeslari gaztearen jarduera are gehiago sendotu da. Gaur egun blues panoramaren ahots ospetsuenetakoa da Harlemeko artista. 2.000 lagun baino gehiago joan ziren Erromora, Koko Taylorren pareko artista handienekin alderatu duten abeslariaren ahots sakonaz gozatzeko asmotan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun