EHUren prentsa oharra:
Gaur egun, herrialde gehienek dituzte maila erradiologikoak neurtzen dituzten sareak, ingurumena monitorizatzeko eta erradiaktibitate naturalaren eragina neurtzeko. Horrez gain, Entsegu Nuklearrak Guztiz Debekatzeko Tratatua eta beste akordio batzuk betetzen direla zaintzea eta balizko istripu nuklearrak zein erradiologikoak detektatzea eta kuantifikatzea dute helburu. Laginak hartzeko maiztasunaren arabera, bi taldetan sailkatzen dira sare horiek: airearen, lurraren eta jakien erradiaktibitatea neurtzen duten kontrol-sareak ditugu, alde batetik, eta, bestetik, airean eta uretan ezohiko balioak hautematen dituzten alerta-sareak. Azken sare horiek ordubete baino gutxiagoko maiztasunarekin hartzen dituzte laginak eta 24 orduz egoten dira martxan. Espainiako Estatuan, Alerta Erradiologikoko Sarea dago, eta, horrez gain, lau zaintza-sare autonomiko, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak 2001. urtean ezarri zuena.
Baina orain arte ez zegoen erradiazio naturala ezohiko balioetatik bereizteko metodologia zientifikorik, eta hainbat jazoera erradiologiko oharkabean pasatzen ziren. Behar horri erantzuten dio Natalia Alegria Gutierrezek EHUn aurkeztu duen doktore-tesiak: "Desarrollo de niveles de alarma y analisis de transitorios en estaciones de vigilancia radiologica" ("Behatoki erradiologikoetan, alarma-mailak garatzen eta maila iragankorrak analizatzen", alegia). Alegria doktorea industria-ingeniaria da Energia Tekniken espezialitatean eta irakasle kolaboratzaile gisa lan egiten du Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika Sailean. Bere doktore-lana sail horretako Fernando Legarda Ibañez doktoreak zuzendu du, eta Espainiako Segurtasun Nuklearraren Kontseiluarekin elkarlanean egina izan da.
Prezipitazioen eragina
Gertaera erradiologiko bat hauteman ahal izateko, Alegría doktoreak gamma erradiazioaren dosi-tasa hartzen du kontuan, hau da, denbora unitate batean jasotzen dugun energia kantitatea. Bere ikerketaren lehen helburua da erradiazio-balio normalak zein diren esatea, alegia zein datozen erradiazio-iturri naturaletatik: erradiazio kosmikotik —Eguzkitik eta izarren arteko espaziotik— eta erradiazio lurtarretik —lurrean dauden erradionukleidoetatik; uranioaren edo potasioaren eratorrietatik, besteak beste). Dosi-tasaren balio historikoak kronologikoki ordenatu ditu Alegriak, eta ikusi du haien eboluzioa konstantea dela (lerro horizontal batean adieraz daitezke balioak), baina orobat ikusi du aldagai meteorologikoek aldaketak eragiten dituztela, hala nola euriak eta tximistek. Horrek esan nahi du balioak handitu egiten direla prezipitazio-garaietan. Izan ere, euriak lurrazaleraino ekartzen du airean dagoen erradiaktibitatea (edo zunda/detektagailua dagoen teilaturaino), eta horrek igoarazi egiten du dosi-tasa, igoeraren arrazoia gertakari erradiologiko bat ez bada ere.
Hain zuzen, aldagai meteorologikoek eragotzi egiten dute erradiaktibitatearen eboluzioa histogramen bidez irudikatzea. Horregatik, Alegría doktoreak erabaki du dosi-tasaren portaera prezipitazio-mailaren araberako denbora-tarteetan banatzea. Hala, hiru aldi definitu ditu: aldi lehorra (0 litro metro karratuko), aldi hezea (metro karratuko 0 litrotik gorako prezipitazioak jasotzen direnean) eta trantsizio-aldia (prezipitazioen amaieratik gamma erradiazioaren dosi-tasaren balioak berriz ere aldi lehorrean jasotakoekin bat datozen arte).
Erradiaktibitate naturala eta ezohiko balioak
Curriek izendatutako ‘muga kritiko’ magnitudea hartu du oinarritzat Alegría doktoreak, aldi lehorraren eta aldi hezearen muga kritikoak kalkulatzeko. Hala, aurreko urteko mugak gainditzen diren aldiro, oinarrizko alarma-maila bat sortuko da adituak gertakari erradiologiko batez ohartarazteko. Hori dela eta, erradiaktibitateak aldi hezean jasaten duen gehikuntza irudikatzeko, kalkulu-eredu bat garatu du Alegríak.
Aldi hezean dosi-tasa hazten bada ere, ez da eroritako ur kantitatearekiko proportzio zuzenean hazten, esponentzialki baizik. Alegría doktorearen arabera, radonaren semeen jaitsiera da horren zergatia: radon gas erradiaktiboaren kateetatik eratorritako osagaiak lurrazaleraino jaisten ditu euriak. Doktore-tesian, kausa naturala duten radon-kontzentrazioak gertaera erradiologiko batek eragindakoengatik bereizteko balio duten ekuazio-sistemak idatzi ditu.
Natalia Alegriak EHUn aurkeztu duen doktore-lanari esker, Euskal Herriko maila erradiologikoa neurtzeko sarea sentikorragoa da, eta alarma kopurua murriztea lortu da, inongo gertaera erradiologikorik oharkabean pasatu gabe. Gaur egun, sare horren alarmen jatorria beti dago kanpo-eragileetan eta ez prezipitazioek eragindako erradiaktibitate naturalaren igoeran.