Patxi Gaztelumendi: "Basquecamp, interakzioa euskaraz eta arratsaldez"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 9a, 17:08

Interneti aurpegia jarri diogu. Arratsalde batez, 15 hitzaldi baino gehiago, 30 lagunen artean. Teknologia berrietan aritzen garen lagunak batu gara. Ezagutu barik, sareak batu gaitu. Larrabetzun, ekainaren 7an, arrastiz egindakoa kontatzea du xede kronikatxo honek. Wiki bat izan da orain arteko gure lotura. Editatu eta gaiak proposatu ditugu. E-posta be baliatu dugu, jendea animatu eta gonbidatzeko. Twitter asko erabili dugu, eta erabiltzen jarraitzen dugu. Erabilgarri zaigulako. Eta basquecamp honen ostean orain gainera, proiektu bakoitza aurpegi batzuekin lotuko dugu. Eta eleizako kanpaiek seirak zirela adierazten zutenean, jendea agertzen hasi zen Andra Mari kaleko 23an. Eta gaztetxera hurbiltzen, ordurarte ezezagunak zirenak, inoiz ikusitakoak, elkarri idatzitakoak zein post ezberdinetatik ezagutu izandakoak. Argazkian, Basquecampeko irudi bat. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

Gaitegia berriro adostu, metodologia partehartzaile bat proposatu eta ekin genion solasaldien tarteari.
Berbarako, hiru gai nagusi genituen. Herritarrak eta informazioa bloke batean, Mapen gaineko tartea eta azkenik tresna ezberdinak erakusteko berbaldiak.

Herritarrak+teknologia

Aurkezpenak egin ostean ekin genion topaketaren izenburu zen Informazioa= herritarrak+teknogologia atalari. Teketenek mashup azkarrak hartu zituen hizpide, eta berak prestatutako garapen edo aplikazio pratikoak erakutsi zizkigun. Yahoo pipes baliatuta, herriak testuinguru informatiboan kokatu eta egunkarietako albisteak mapetan jartzeko baliatu zuen bere hitzaldia.

Ukberri.net atariko lagunek, beraien albistegi digitalaren berri eman, eta Uribe Kostako blogari, fotolog eta albisteen komunitatea aurkeztu zuten. Errekaz bestaldera, Barakaldotik Herrikolore.org gunearen berri izan genuen, herri mugimenduak, euskara, kultura, albiste alternatiboak, bideoak lagun gutxi batzuen artean eginda.

Ekimen profesionalagoa eta handiagoa da Goiena.net, eta presentzia izan zuen, gogoeta interesgarriak Iban Arantzabalen eskutik. Eitb24.com atariak ere, laister kaleratuko duen proiektu berri baten zertzeladak ekarri zituen gaztetxera. Partehartzea, herrietako informazioa eta Internet uztartuko ditu, eta horretarako erabiltzaileen iritzia jaso gura izan zuten. Aholku batzuk, zenbait akats eta proposamenak jaso zituzten. Gaur8 eta Hitzari buruz ere hitz egin zuten zapatuan. Larrabetzu.org anfitrioiko partaideek ere azaldu zuten proiektua zertan den, eta aurrera begira dauden asmoak.

Mapak

Egungo gaia, dudarik gabe. Tagzaniako biztanleek, OpenStreetMap.org aplikazioa erakutsi ziguten; aukerak, tailerra egiteko posibilitatea, herriz herri gure auzo eta kaleak mapeatzeko argibideak eman zituzten besteak beste. Arreta bereganatu, eta aukera berriak asmatzeko irrikitan entzuleak. Xabi Erkizia Audiolabeko kide, musikari eta soinu ikerlari adituak soinumapa.net erakutsi zuen. Herriek badute soinurik? galdetuz hasi zuen bere hitzaldia. Eta gauza berriak elkarrekin sortu eta garatzeko aukera plazaratu zuen.

Tresnak eta hitzaldi laburrak

Iñaki Berazategi kazetariak gerra zibila hartu zuen hizpide, eta sarean topatutako disko, kantu eta informazio iturriak azaldu eta erakutsi eta entzungai jarri zituen. Maite Goñik, Euskaljakintzatik, wikikoadernoen esperientzia jorratu zuen eta Igor Santos informatikariak estandar irekiak izan zituen berbagai. Solasaldiek entzuleen arreta piztu zuten. Ezagunak batzuk, eta esperientzia berriak besteak.

Interakzioaz gogoetatzen

Oro har interesgarri suertatu zitzaigun lehen barcamp hau. Elkar ezagutu, nolabait sarean lanean ari den jendearen berri izan eta teknologia berrien inguruan interakzioa sortzeko moduko topaketa izan zen. Abiapuntu bat, beste behin. Etorriko diren saioen zain. Interesgarria litzateke gainera, bertan egondakoen iritziak berton batzea. Euskarazko garatzaile eta erabiltzaileak batu dituen ekimenetik, sortu daitezkeen bestelako langintzetarako. Auzolan telematikoak jarraitzen du. Sarean eta kalean. Hurrengoa noiz?

Patxi Gaztelumendik Larrabetzu.org-en eta Sustatu.com-en gaur argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun