SOS Deiak emandako aholkuak:
- Irrati edo telebista bidez unean uneko egoera erreala ezagutzea.
- Eurite indartsuak direnean autoz ibiltzea saihestu eta ezinbestekoa bada, errepideko ur maila edota mendi eremuetan izan daitezkeen lur-jausiak kontutan hartu.
- Ahal bada autobide eta errepide nagusietatik zirkulatu.
- Ibilgailuak ibaiertzen aldamenetan ez aparkatu.
-Ibaien ur-goraldiei adi egon ibilguetatik gertu edo urez bete daitezkeen eremuetan biziz gero.
- Autoa garajetik atera eta saltokiak edota lonjak izanez gero neurriak hartu.
- Larrialdi egoeran 112 SOS Deien telefono zenbakira deitu.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak (112 SOS Deiak) beste meteorologia iragarpen bat bidali die gaur larrialdi zerbitzuei, toki batzuetan metro koadroko 60 litro ur utz ditzaketen eurite gogorren aurreikuspena bihar arte luzatuz, gaur goizean Euskalmetek emandako meteorologia iragarpenean oinarrituta. Hori dela eta, SOS Deiak zerbitzuak alerta egoerari eutsiko dio hurrengo orduetan, eta ohartarazi du denbora horretan urak komunikazio bideak, garajeak, lonjak eta etxabeak har ditzakeela. Iragarpen horiek larrialdiei aurre egiteko eskuduntzak dituzten administrazioen eta horietako larrialdi zerbitzuen esku jarri dituzte dagoeneko, aipatu dutenez. Hala ere, nahiz eta eurite gogorren iragarpena egin, gaur behintzat arazorik ez da egon Uribe Kosta eta Erandion. Argazkian, udaltzain eta udal langileak Algortako Ollarretxe errepidea mozten, igandean izandako euri jasen ondorioz.