Ikasleen erdiak Leioako campusean egingo ditu selektibitateko azterketak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 10a, 21:04

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 7.607 ikaslek asteazken honetan, ekainak 11, hasiko dituzte hautaproba azterketak Euskal Herriko Unibertsitatean. Iaz bezala, selektibitatea euskaraz egiten duten ikasleak (4.152 / %54,58), gaztelaniaz egingo dutenak (3.455 / %45,42) baino gehiago dira aurten, EHUko iturriek gaur jakinarazi dutenez. Azterketak arratsaldeko lauetan hasiko dira. Lehendabizi, Gaztelania eta Literatura proba egin beharko dute, eta gero Historia eta Filosofia; 19:00ak bitartean. Ostegunean, 10:00etatik 13:00ak arte eta 16:00etatik 19:00ak arte, Batxilergoan egindako espezialitateko nahitaezko eta hautazkoen probak izango dira. Azkenik, ostiralean, 10:00etatik aurrera, Euskara eta Literatura azterketa izango da, eta gero aukeratutako atzerriko hizkuntzakoa (ingelesa, frantsesa edo alemana). Aipaturiko 7.607 ikasleak 39 epaimahaitan egongo dira banatuak: 5 Araban, non 1.009 ikasle (437 euskaraz) aurkeztuko diren; 13 Gipuzkoan, non 2.794 ikaslek (1.904k euskaraz) egingo duten azterketa, eta 21 Bizkaian, non 3.804 ikasle (1.811 euskaraz) aurkeztuko diren selektibitatera. Gogoratu, biharko eta ostiralerako lanuzteak deituak daudela Bizkaibusen, Eskuinaldetik EHUra doazen autoobusetan, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun