Laster bi urte beteko dira Ertzaintzak Sopela eta Urduliz arteko mugan zegoen Ganebarri gaztetxea hustu zuela. Bada, asteazken honetan, ekainak 11, sei gazte epaituko dituzte Bizkaiko Lurraldeko Auzitegian, usurpazio delitua egotzita. Sopelako Gazte Asanbladak azaldutakoaren arabera, Ganebarrin 10 lagun identifikatu zituen polizia autonomikoak. Hiru, okupazioan zehar. Desalojoaren ostean bertaratu zirenen artean aukeratutako beste hiruri hartu zizkieten datuak. Ganebarri gaztetxearen desalojoa salatzeko egindako manifestazioan, berriz, bi laguni eskatu zieten dokumentazioa ertzainek, martxaren aurka oldartuko ziren mehatxupean. Azkenik, bi gazteri herrian pintaketak egin izana leporatu zieten eta horren aitzakiapean datuak hartu zizkieten. Azken lau gazteen kasuan, haien aurkako diligentziak ez dira epaitegietan aurrera joan, baina Ganebarri inguruetan identifikaturiko bakoitzari 2.800 bat euro eskatzen diskio fiskalak; 16.800 bat euro guztira. Esan bezala, bihar, 10:00etatik aurrera izango dute bista sei gazte horien, BIlboko Buenos Aires kalean. Argazkian, urtarrilean gazte talde berri batek hartu zion
lekukoa 2007an desagertutako Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladari (SUGA).