Fiskalak akusazioa atzera botata absolbatu dituzte Sopela eta Urdulizko sei gazteak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 11a, 20:53

Behin, Ganebarri gaztetxea zen etxearen (Sabino Arana, 105. Sopela) hiru jabeek eta aurkeztu behar ziren bost ertzainetatik bik deklaratu ostean, sei gazteen aurkako akusazioa atzera botatzea erabaki du fiskalak, ezertxo ere frogatzerik ez zuela ikusita. Hartara, epaileak errugabetzat jo ditu auzipetuak, gaur goizean, BIlboko Buenos Aires kaleko Bizkaiko Lurraldeko Auzitegian egindako bistan. Usurpazio delitua egotzita, 2.400 euroko isuna (20 euro eguneko, lau hilabetetan zehar) eskatzen zuen bakoitzarentzat fiskalak; dagoneko gazteetako batzuei diru-bahiketen bidez kobratutakoa baino gutxiago, alegia. Abokatuek adierazitakoaren arabera, 3.000 euro baino gehiago atera dizkiete auzipetuetako zenbaiti. Bada, epaileak gaur absoluzioa emanda, bahitutako diru hori bueltatzea baino ez da falta. Argazkian, bi langile Ganebarriko leihoak ixten, duela ia bi urte

Akusatuek Sopelako Sabino Arana kaleko 105. zenbakidun etxeko zerraila apurtu eta berria jarri zutela eta, urez hornitzeko hodiak sartzeko, leihoetako batean 35 x 20 zentimetroko zuloa egin zutela saiatu da finkatzen, gaurko epaiketan, fiskalak. Hala ere, gazteek ukatu egin dute hori guztia. "Ekintza kulturalen baten parte hartzera" edo "gaztetxea ireki berria zela entzunda" hurbildu zirela bertara adierazi du auzipetuetatik erdiak. Beste hirurek, berriz, Ertzaintzak Ganebarri gaztetxea hustu eta gero lagileak adreiluz tapatzen ari zirela, azken horiei barruan geratutako gauzak hartzeko baimena eskatu zietela zehaztu dute. Azaldu dutenez, haiengatik arazorik ez zela esan zieten beharginek, beti ere inguruan ziren ertzainek baimena ematen bazuten. Gazteen arabera, sartzeko baimena eman egin zuten polizia agenteek; "ez ziguten esan, baina, identifikatu eta epaiketara bidaliko gintuztela", salatu dutenez.

Jabeak eta ertzainak

Hiru jabeek deklaratu duten arren, bakarra izan da luze aritu dena; baita abokatuetako bat identifikatu ere. Izan ere, jabeak berak azaldu duenez, gaztetxean egiten ziren jardueretan ezbeharren bat gertatzekotan, erantzukizuna beregain hartu beharko zuten beldur ziren, eta gune autogestionatuko neska-mutil eta aipatu abokatuarekin bildu ziren horiei asegurua kontratatu zezatela eskatzeko. Hirurek onartun dute "nahiko utzita" daukatela etxea. Bestalde, lur saila birkalifikatzeko prozesuan zela eta gazteak bertan egoteak horri kalte egingo zionaren beldur ere baziren. Bitartean, bi ertzainek atestatuan idatzita zegoena errepikatu baino ez dute egin. Hau da, gazteetako bakoitzari zegokion egunean eskatu zizikiotela agiriak, baina gaztetxean gehiagotan egon zirenik ezin dutela ziurtatu. "Bertara hurbildutako beste egunetan atea itxita aurkitzen genuen beti eta, nahiz eta atea jo, ez zuen inortxok ere zabaltzen", gaineratu dutenez. Gauzak horrela, akusazioa atzera botatzea erabaki du fiskalak.

Damoclesen ezpata

Epaia pozarren hartu dute sei gazteek eta euren abokatuek, nahiz eta bi urte itxaron behar izan duten absoluzioa lortzeko. Letraduetako batek UKBERRI.NETi adierazi dionez, bere garaian akusazioa atzera botatzea eskatu zioten fiskalari, "inolako frogarik ez zegoela" argudiatuta. "Hala ere, nahiago izan zuten gazteak bi urtez Damoclesen ezpata gainean erortzeko arriskuan jarri eta horietako batzuei 3.000 euro baitzea". Prosezua "zentzu komunaren kontrakotzat" jo du abokatu horrek. Dena den, horrelakoak "Espainiako justizia administrazioan gero eta ohikoak" izaten ari direla nabarmendu du, "batez ere gazteen aurkako auziak direnean".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun