Fiskalak Gorenera joko du Urtzi Muruetaren absoluzioaren aurka

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 11a, 21:08

"Berria" egunkariak jakinarazi duenez, Blanca Rodriguez fiskalak Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztuko du Urtzi Murueta leioaztarra Lidon epailea hil izanaz errugabetzearen erabakiaren aurka. Rodriguezek bere iritzia berretsi du, alegia, Orkatz Gallastegi berangoztarrak inkomunikatuta zegoenean polizien aurrean egindako adierazpena badela "froga nahikoa salaketa egiteko". Auzitegiak epaian frogarik ez zegoela ebatzi arren, fiskalak uste du "okerra" izan zela, aurkeztutako txosten poliziala ez zelako aintzat hartu. Murueta pasa diren otsailaren 28an eta 29an epaitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean eta Blanca Rodriguez fiskalak 30 urteko espetxe zigorra eskatu zuen berarentzat, 2001eko azaroaren 7an ETAk Algortako bere etxe aurrean hil zuen Jose Maria Lidon epailearen hilketan ezinbesteko kolaborazioa eman zuela egotzita. Zehazki, Gallastegiri Lidon epailearen jarraipena egitea agindu eta datuak jaso ondoren ekintza burutu zuten ETAko kideei pasatu izana leporatu zioten leioaztarrari. Defentsak, baina, Muruetaren aurkako froga bakarra Ertzaintzak, torturaren bidez, Gallastegiri sinarazitako deklarazioa zela salatu zuen. Gainera, berangoztarrak inoiz ez du deklarazio hura berretsi eta epailearen aurretik eraman duten bakoitzean torturak salatu eta guztia ukatu du. Argazkian, ekainaren 4an kalera irten ostean, hurrengo egunean 250 lagunek egin zioten harrera Muruetari.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun