Lander Labajo eta beste bi gazteak errugabetzat jo dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 11a, 22:37

2005ean PPk Algortako Mentxakabarri gaztetxe zenaren aurrean egin zuen agerraldi baten ostean Getxoko udaletxean izan ziren istiluetan parte hartu eta udaltzain bati eraso egitea leporatuta, maiatzaren 28an egin zieten epaiketa, BIlboko Buenos Aires kaleko Bizkaiko Lurraldeko Auzitegian, Lander Labajo preso politiko algortarrari eta Uribe Kostako beste bi gazteri. Bada, abokatuek espero zuten bezala, errugabetzat jo dituzte hirurak. Hala ere, epaiaren idazketari "kaxkarra" iritzi dio Iñigo Santxo mutiletako biren abokatuak. "Auzipetuek izandako istiluetan parte hartu zutela agertzen du, eta gerora azaltzen du euren presentzia bertan ez dela frogatua izan. Bestalde, ikustekoa da zelan justifikatzen duen Marisa Arrueren akusazio faltsua, nahiz eta egin zuen akusazioa erabat justifikaezina izan", azaldu dio UKBERRI.NETi letraduak. Getxoko PPren bozeramaileak istiluen egiletzat hartu zuen epaiketan hiru gazteen artean eserita zegoen kalez jantzitako ertzainetako bat. Gainera, fiskalak eskatutako zigorrak ez ziren nolanahikoak: Lander Labajo eta beste gazteetako batentzako lau hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuen, "desorden publikoa" egotzita. Hirugarrenarentzat, berriz, urte bat eta sei hilabeteko espetxe zigorra, "udaltzaina erasotzeagatik", eta 800 euroko isuna (20 euro eguneko 40 egunetan zehar) eta 1.020 euroko kalte ordaina tokiko poliziari, "eragindako lesioengatik". Argazkian, Algortako Gazte Asanbladak (AGA) epaiketa aurretik emandako prentsaurrekoa.

Akusazioak proposatuta deklaratu zuten lekukoetatik batek berak ere ez zuen ziurtatzerik izan, Bilbon egindako epaiketan, Lander Labajo preso politikoak eta auziperatutako Uribe Kostako beste bi gazteek 2005ean PPk Algortako Mentxakabarri gaztetxe zenaren aurrean egin zuen agerraldi baten ostean Getxoko udaletxean izan ziren istiluetan parte hartu zutenik; ezta udaltzain bati eraso egin ziotenik ere. Are gehiago, istiluen ustezko egileetakoren bat auzipetuen artean ikusterik bazuen galdetuta, gazteetako bi eta, jarraian, beraien eta Lander Labajoren artean eserita zegoen kalez jantzitako ertzainetako bat seinalatu zuen, erratuta, Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak.

Horren harira, ondoko irakurketa egin du Santxok: "Arruek aurkeztutako salaketa, eta gerora epaiketan burutu zuen akusazioak argiro azaltzen dute jarrera bat, hau da, epaitegiak baliatu nahi dituztela euren jarduera politikoa sustengatzeko. Eta hori salagarria izan badaiteke ere, erabat onartezina dena zera da: epaitegiak jokaera horri emaniko babesa. Kasua alderantzizkoa izan bazen, hau da, gazte euskaldun batek esan bazuen ertzain batek eragin zituela istiluak, bost minutu ere ez ziren igaroko fiskaliaren aldetik gaztearen kontra salaketa bat tarteratzeko", adierazi duenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun