Imanol Landa alkateak esan du bi proiektuok "oso garrantzitsuak" izango direla udalerrirako, "lanpostuak eta aberastasuna ekarriko baitituzte". Emandako datuen arabera, 30 eta 40 lanpostu berri artean sortuko dira lehenego hiru urtetan, eta 150 izango dira ondorengo lanpostuak. Gainera, udal agintariak nabarmendu du Areetako azokaren egungo eraikina lurrera bota ondoren altxatuko den teknologia gunean, "bere jarduerarekin segitu nahi duten merkatarientzako tokia ere egongo dela, baita kultur ekitaldiak aurrera eramateko ere".
Biscaitik egitasmoa
Egitasmo "guztiz berritzailea eta bakarra" iritzi diote Microsoft etxeari lehiaketa publiko bitartez 17,4 milioi eurotan eman diotena. Bere helburuen artean daude, "herritarrei administrazioa hurbiltzea, komunikazio bide berri baten bidez, Interneten bidez, alegia". Bestalde, "Bizkaiko udalen informatika tresnak homogeneizatzea" bilatzen dute, "udal horien barne-kudeaketa eta herritarrekiko harremanak hobetzeko". Halaber, "udal administrazioan informazio eta ezagutza teknologien aplikazioari dagokionez", aipatu gunea "Bizkaiko nazioarteko erreferente bihurtzea" dute xede.
Proiektuaren lehenengo ardatza posta elektronikoko zerbitzua herritarrentzat indarrean jartzea izango da. Proiektuaren bigarren jarduera udaletarako informatika sistema bat abiaraztea da. "Horren bidez, udalek kudeaketa integraleko sistema bakarra izango dute; sistemak herritarrei aukera emango die administrazioarekin harremanetan jartzeko, etxetik irten gabe", azaldu dute foru iturriek.