1978ko apirilaren 27an sortu zen Herri Batasuna; 30 urte egin berri ditu, beraz. Herri mugimendu, nazio eraikuntza eta hainbat konponbide proposameni lotutako bizitza du. Baita errepresioz jositakoa ere. Hain zuzen ere, indar ezkertiar eta abertzaleak Altsasun bildu eta proiektu independentistaren aldeko frontea abian jarri zutenetik 30 urte bete direla ospatuko dute gaur iluntzean Leioan. Horretarako, 18:30etik aurrera, haurrentzako jolasak izango dira Plaza Gorrian. 20:00etan, berriz, ekitaldi politikoa egingo dute. Eta azkenik, 22:00etan herri afaria egongo da Kurkudi herriko tabernan. Dagoeneko bertan daude salgai horretarako txartelak. Itzubaltzeta / Romon ere hainbat ekitaldi prestatu dituzte. 20:30etik aurrera, ekitaldia, txotxa eta parrillada egongo dira Itzubaltzeta gaztetxean. Argazkian, Tasio Erkizia esker abertzaleko ekintzaile historikoa Loiolako elkarrizketen harira Leioako Nagusien Etxean emandako hitzaldian.