Gaur aurkeztuko dute Erandio eta Uribe Kostako blogari euskaldunen komunitatea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 13a, 16:57

Mikel Iturbe blogariak egindako garapenari esker, Erandio eta Uribe Kostako Internet bidezko euskarazko sormen pertsonal guztia batzea du helburu UKBERRI.NET agerkari digitalak abian jarritako tresna berria. Erdarazko edukietara jo behar izan gabe, e-UKomunitatea-n izango dute Erandio eta Uribe Kostako euskarazko blog, fotolog eta webguneetako edukiak topatzeko aukera irakurleek. Hori guztia, UKBERRI.NETen aurkitu ditzaketen albisteen osagarri. Baina, euskarazko edukien euskarri izateaz gain, eskualdeko ziberkomunitate euskalduna osatzea du xede egitasmo berriak. Hau da, batzuetan noraezean dabiltzan blogari euskaldunen topaleku birtuala izatea eta, aurrera begira, ekimen ezberdinak antolatzen hastea. Horrekin guztiarekin batera, oraindik ere euskaraz idazten ausartu ez diren eskualdeko dozenaka blogariak erakarri eta horiek gure hizkuntzari heltzeko asmoz ere sortu da e-UKomunitatea. Erandio eta Uribe Kostako blogari euskaldunen komunitatearen jendaurreko aurkezpena gaur arratsaldeko 7etan izango da, Algortako Aldai Patronatuan. Argazkian, Mikel Iturbe e-UKomunitatea-ren gaineko xehetasunak ematen, gaurko prentsaurrekoan.

2008a urte "oso berezia" izaten ari da UKBERRI.NETentzat, Iñigo Fernandez de Martikorena albistegiko kideak nabarmendu duenez. Azaroaren 8an 5 urte beteko ditu Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digitalak. Hori dela eta, aurten hainbat erronkari eman diete bidea. Batetik, Euskaltzaindiaren gomendioak aintzat hartuz, "Uribe Kostako komunitatea" leloa baztertu eta "Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digitala" esamoldea hobestu zuten logotipo eta mantxetaren diseinu berrian. Hala ere, komunitatearen zentzua galdu nahi ez eta e-UKomunitatea lantzen hasi ziren. Bestalde, otsailetik sakeleko telefonoan jaso ditzakete nahi duten guztiek UKBERRI.NETen argitaratutako albisterik garrantzitsuenak. Eta laster proiektu berriak abiatuko dituzte. Horiek guztiak bost ardatzen inguruan harilkatuak: "euskaraz bizitzeko tresnak abiatzea, komunitate euskalduna sarean trinkotzea, eskualdeko komunikazioa sendotzea, eragileen arteko sinergiak sortzea eta teknologia berriak herritar eta euskararen zerbitzura jartzea", Fernandezek aipatu duenez. Halaber, urte guzti hauetan erraztutako baliabideengatik eskerrak eman die UKBERRI.NETeko lantaldeko kideak Leioako Maritxu Teilagorri eta Sopela eta Larrabasterrako txosna batzordeari, Algortako jai batzordeari, Getxoko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta bazkideei.

E-UKomunitatea garatzearen meritua Mikel Iturberena da eta, bereziki, horri eman dizkio eskerrik beroenak UKBERRI.NETeko lantaldeak. Blogari getxoztarrak, berriz, Arkaitz Zubiaga Zabaldu.com-eko sortzaileak egindako lana ez du ahaztu nahi izan. Iturbek zehatz mehatz aazldu du zeintzuk diren proektu berriaren ezaugarriak. Erandio eta Uribe Kostako blogari euskaldunen komunitateko hasierako orrialdeari begiratuta, gaiaren araberako bost zutabe agertzen zaizkigu: blogak, fotologak, politika, gazteria eta bestelakoak dira ezarritako kategoriak. Horien barruan, berrienetik zaharrenera daude banatuta berriak. Blog, fotolog eta webgune bakoitzeko edukia berriztatu ahala joango da aldatzen.

Nola parte hartu?

Komunitatean parte hartzeko, hiru baldintza aipatu ditu Iturbek: blog, fotolog eta webgunea eskualdean kokatutako proiektua izatea; euskara hutsez aritzea; eta, behin proiektuarekin bat eginda, UKBERRI.NETen banerra edota esteka jartzea. Parte hartu nahi dutenek e-ukomunitatea[abildua]ukberri.net e-postara idaztea besterik ez dute egin behar. Fernandezek emandako datuen arabera, fotologei dagokienez, 350 inguru dago eskualdean. Horietatik 150 batek euskarazko edukian jartzen dituzte; eta 50 inguru euskara hutsez dihardute. "Orain arte 27 blog, fotolog eta webgunek jarri ditugu e-UKomunitatean aproba egiteko. Baina kopuru hori 100 bat jariotan egonkortzea espero dugu", azaldu du UKBERRI.NETeko lantaldeko kideak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun