Euskal Herri osotik etorritako berbalagunak elkartuko dira bihar Algortan eta Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 13a, 20:32

“Mingainak dantzan” lelopean, larunbat honetan, ekainak 14, ospatuko da III. Mintza Eguna, Algortan eta Itzubaltzeta / Romon. Egizu Getxo Euskaldun! elkarteak antolatuta, Euskal Herri osotik etorritako ehunka berbalagun elkartuko dira udalerrian. Hain zuzen ere, mintzapraktika egitasmoetan, hau da, euskara dakitenak eta ikasten ari direnak hainbat jarduera egiteko eta mintzatzeko elkartzen dituen egitasmotan parte hartzen duten berbalagun eta mintzakide guztiek elkar ezagutu eta ondo pasatzea da festa horren helburua. Horrela adierazi zuten asteazkenean emandako prentsaurrekoan (argazkian, ezkerretik eskuinera) Koldo Iturbe Getxoko Udaleko Kultura zinegotziak, Rozio Luces Egizuko dinamizatzaileak, Jose Antonio Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzaren Euskara Sustatzeko zuzendariak eta Oskar Zapata Topagunearen mintzapraktika saileko arduradunak.

Getxo udalerrian 170 bat lagunek parte hartzen dute Berbalagun ekimenean, 27 taldetan banatuta. Koadrila horiek (4 edo 5 lagunek osatuta) adinen eta denbora librearen arabera elkartzen dira, gogoko dituzten jarduerak egiteko. Rozio Luces Egizu elkarteko dinamizatzailearen hitzetan, Mintza Eguna udalerrian antolatzea eta ospatzea “oso garrantzitsua" da, "egitasmoaren inguruan indarrak batzeko balio izan baitu”. Gaur egun, Euskal Herriko 48 herri eta eskualdetan gauzatzen ari dira mintzapraktika egitasmoak, ia 2500 lagunen partaidetzarekin.

Egitaraua

11:00 Ongietorria Algortako Portu Zaharreko orubean: bertsolariak, txalapartariak, suziriak eta Getxoko berbalagunek 350 lagunentzat prestatutako hamaiketakoa.
11:30 Ibilaldi gidatua Xabi Payaren eskutik: Portu Zaharra eta Usategi.
12:30 Kalejira koloretsua eta musikala (Basagoiti Etorbidea, Kasino plaza eta Telletxe plaza)
14:30 Herri bazkaria Santa Eugenia plazan (Itzubaltzeta / Romo)
16:00 Sari banaketa: bazkalosteko giroa aprobetxatuko dute mintzapraktika egitasmoen bilakaeran parte hartze eta garrantzia berezia izan duten zenbait erakunde eta laguni eskerrak eman eta opari xume bat ere egiteko.
16:30 Patxi Perezen taldeak gidatutako erromeria.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun