Getxoko bederatzi abesbatzek kantatuko dute bihar Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 14a, 22:49

Getxotar Abesbatzen Eguna ospatuko dute lehenengo aldiz, igande honetan, Itzubaltzeta / Romon. Ekimen horren bitartez talde getxoztarrei omenaldia egin nahi zaie ospakizunean eta, horrez gain, udalerrian errotze handia duen tradizioa bultzatu nahi da, Koldo Iturbe Kultur zinegotziaren hitzetan. Santa Eugenia plazan bederatzi talde jardungo dira, eta bakoitzak bi kanta abestuko ditu. Saioa 18:00etan hasiko da eta sarrera doakoa da. Kontzertua amaitu eta gero, bukaera bikaina emango zaio I. Getxotar Abesbatzen Egunari taldeetako kideei eskainiko zaien otamenaren bitartez. Horretan, elkar ezagutzeko eta elkarren arteko harremanak sustatzeko aukera izango dute partaideek. Talde guztiei oroigarria emango diete. Argazkian, asteazkenean eman zuen Getxotar Abesbatzen Eguna aurkezteko prentsaurrekoa Iturbek.

Musika korala errotze handiko tradizioa da Getxon, Iturbek azaldutakoaren arabera. Udalerrian hainbat abesbatza daude, horietako batzuk eskarmentu handikoak. Urtez urte, talde horietan ehunka lagun biltzen dira musikaz gozatzeko. Ospakizunaren lehenengo ekitaldi honetan ondoko abesbatzek hartuko dute parte: Irutasun, Eskuz-Esku, Gorrondatxe, Gizatiar, Tangorako Soinutarrak, Zozoak, Itxartu, Ondarreta eta Biotz-Alai. Koralek eskainiko duten egitarauan hainbat motako abestiak bildu dira: opera piezak, herri kantak edota kantautore ospetsuen abestien moldaketak. Besteak beste, Mikel Urdangarin, Leonor de Torre, Luis Elizalde, Sorozabal, Xabier Lete, Verdi eta Guridiren kantak abestuko dituzte saioan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun