Barrikara heldu da banda zabala

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 15a, 11:52

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) beste hainbat nekazal gunek bezala, banda zabalaren bidez iristen den Internet jarioa jasotzeko aukera badauka Barrikak, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Informazio Gizartearen Euskadi Planari esker. Itelazpi elkarte publikoak egin du lana, zerbitzuen hedapena Euskaltelen esku utzi eta gero. Barrikako Udalak kontutan izan du badirela udalerrian internet jasotzeko modurik ez duten auzoak. Auzokideek zerbitzu horren beharra zutela ikusita, “Konekta Zaitez@Banda Zabala” egitasmoan izena eman zuen eta eskaria onartua izan da. Zerbitzua zabaltzeko hautatu duten teknologia sare inalanbrikoa izango da, Itelazpik kudeatzen dituen komunikazio euskarri zehatz batzuetan oinarritua. Argazkian, banda zabala Barrikako auzoetara hel dadin antolatutako azpiegituraren mapa.

Barrikan ezinbestekoa izan da Wimax antena bat jartzea, zehazki Gane mendian. Internet jaso ahal izateko, bezeroak kanpoko antena bat eta router bat beharko ditu. Europako Fondoen bidez finantzatuko da azpiegitura, eta bezeroak konexioa besterik ez du ordaindu beharko. Beste ADSL batek adina balio du, eta bermatutako trafikoa %70-80koa da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun