Getxoko Udalak 400.000 euro baino gehiago banatuko ditu 32 kirol talderen artean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 15a, 20:39

Kirolerako dirulaguntzetan 404.270 euro banatzea erabaki du aurten Getxoko Udalak. Hain zuzen ere, udalerriko 32 talde izango dira horien onuradun. Besteak beste, Punta Galea Txirrindulari Elkarteak 70.000 euro jasoko ditu (50.000 euro Getxoko Zirkuitoa antolatzeko izango dira); Getxo Rugby Taldeak 60.000 euro (2.500 euro emakumezkoen errugbia bultzatzeko); Getxoko Pilota Eskolak 40.000 euro; Arenas Futbol Taldeari 36.000 euro emango dizkio tokiko erakundeak; Urpeko ekitaldien klubak 900 euro jasoko ditu eta Xake klubak 600 euro. Bestalde, Getxo Saskibaloia taldearentzat 35.000 euro izango dira, Getxo Arraun Taldearentzat 20.000 euro eta Romo Futbol Taldearentzat 18.000 euro. Elkarte batzuek, tartean Getxo Kirol Klubak edo Bizkerre taldeak ez dute oraingoan dirurik jasoko, laguntzak hitzarmenaren bitartez eskuratzen baitituzte. Argazkian, Imanol Landa alkatea arraunean Getxoko Kirol Portuan orain gutxi zabaldutako pabilioian.

Aurten, dirulaguntzen zenbatekoa 20.000 euro handiagoa izan da eta “klub batzuek diru gehiago jasoko dute jarduera gehiago egiten dituztelako, emaitza hobeagoak lortu dituztelako (rugby) edo antolatzen dituzten ekitaldiak nabarmentzekoak direlako (Punta Galea zirkuitoa) ere”, Alvaro Gonzalez Kirol zinegotziak adierazitakoaren arabera. 2009rako klubetan ez dauden edo bakarrik praktikatzen duten kirolarirentzat (tenis, padel, judo…) dirulaguntza zuzenak banatuko ditu Udalak. “Kirolari bakoitzaren meritoen inguruan, ahalik eta balorazio zuzenena egingo dugu, ez delako berdina oso gutxiren kirola praktikatzea, esate baterako borroka arteren bat, edo gehienen kirola edo lehiakortasun maila altua duen kirola egitea, adibidez tenisa”, dio Gonzalezek.

Kirol zinegotziak aurreratutakoaren arabera, klubentzako dirulaguntzen arautegi berria egiten ari da Getxoko Udala. Horretan, besteak beste, norgehiagokaren maila, parte hartzen duten kirolariren kopurua edo egin beharreko distantziak hartuko dituzte kontuan, kluben gastuak baloratu ahal izateko. “Gure asmoa ez da inoiz klub bat oso osorik finantziatzea izango. Horrek hiru zutabe eduki beharko ditu: bazkideak, babesle pribatuak eta udal laguntzak alegia”, dio Gonzalezek.

Udako ikastaroak

Beste alde batetik, uholdeek Fadura kiroldegian eragindako kalteak gora behera, astelehen honetatik (ekainak 16) aurrera egin ahal izango dira, Algortako Fadurako udal kiroldegian bertan, udako ikastaroetarako izen-emateak. Txartelak hartu dituzten pertsonek izen-ematea noiz egin behar duten jakiteko zozketa eginda dago jada eta, horren arabera, 117 zenbakitik aurrera hasiko dira matrikulazioak. Izen-ematea egiteko orduak eta egunak Faduran bertan daude jarrita jendaurrean. Txartelik hartu ez duten pertsonek hilabetea amaitu arteko epea izango dute, tokia geratzen diren ikastaroetarako.

Faduran programaturiko ikastaroak mantendu egingo dira, igeriketakoak izan ezik, hauetako batzuk bertan behera utzi dituztelako eta beste batzuk Itzubaltzeta / Romoko Gobela kiroldegira eraman dituztelako. Hilaren 20rako Faduran egitekoa zen gimnasia erritmiko erakustaldia egin egingo da, baina Gobelan. Arratsaldeko 6etan hasiko da eta udaletxetik metroan joatea gomendatu dute. Ostiral horretako adinekoentzako txangoa bertan behera geratu da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun