Umeek eurek aukeratutako kulunkak jarriko dituzte Areetako Eskoletako plazan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 15a, 21:18

Uztailaren hasieran haurrentzako jolas berriak jarriko dituzte Areetako Eskoletako plazan. Inguruko zabuak erabiltzen dituzten haur batzuek aukeratutako kulunka berriak era desberdin batean ipiniko ditu Getxoko Udalak eta, horiekin batera, ezintasunak dituzten pertsonentzako jolas egokituak ere jarriko . Gainera, Anaitasun eta Paulino Mendibil kaleen arteko gurutzebideko sarbideak hobetuko dituzte eta hiri hornigarriak jarri ere, tokiko iturriek jakinarazi dutenez. Horren helburua da plaza erabiltzen duten pertsona guztien arteko elkarbizitza erraztea. “Getxoko Malakate parkean egin genuen bezala, unean uneko ekintzak egiteko inguruko erabiltzaileen iritziak kontuan hartu nahi ditugu, plazak eta gune publikoak ezaugarri guztietako pertsonek erabil ditzaten eta belaunaldi desberdinen arteko elkarbizitza hobetzeko ere”, Joseba Arregi Hirigintza zinegotziaren arabera. Ildo horretan, jolasen kokalekuaren aldaketa aprobetxatuko da toki zailenetan "elkarbizitza zaintzeko", esate baterako, futbola, eta skate eta bizikletetarako. “Ez dugu debekatuko baina arautu bai. Futbol partidak jolastu ahal izateko gune alternatiboak bilatu behar ditugu, lehenengo azterketek erakutsi baitute administrazioak ahaztutako adin tarte bat dagoela”, dio udal arduradunak. Argazkian, Fadura kiroldegi barruko zabuak.

Haurrentzako jolas berrien gastua 32.000 eurokoa izango da. Eskoletako plazan bertan dagoen ludoteka aprobetxatu da zabuak kokatzeko. 5 eta 12 urte arteko haurren laguntza eduki du Udalak, lehiaketa publikora sei enpresek aurkeztutako proposamenak jolasen bidez erakutsi baitzizkieten. "Ondoren, haur guztiek aho batez aukeratu zuten proposamen berbera. Haurrek forma, kolorea, lurzoru motak eta funtzio anitzeko guneak bereziki hartu dituzte kontuan” , Arregiren hitzetan.

Esperientzia horren ondoren, beste ikerketa bat egin nahi du Udalak, orain parke edo plaza zehatz batzuk zergatik erabiltzen diren gehiago ezagutzeko. “Beste erakunde batzuekin elkarlanean, jakin nahi dugu zerk eragiten duen toki batzuk oso erabiliak izatea eta beste batzuk ez, hau da, kokapenak, eguzki eta haizerako orientazioa, estalpeko guneak, hiri hornigarriak, haurrentzako jolas guneak, erabiltzaileen porfilak, argiztapen sistemak, sarbideak, lorazaintza, eta ikerketa zehaztuko lituzkeen bestelako arrazoiak ere“, dio Hirigintza zinegotziak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun