Algorta eta Itzubaltzeta gainezkatu ditu euskaldunen uholdeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 16a, 13:11

Aurreko asteburuetan gertatu bezala, uholdeak izan ziren Getxo udalerrian joan den larunbatean, baina kasu honetan guztien onerako. Bilbon jarritako pottokiak bailiran, Bizkaia eta Gipuzkoako berbalagun, mitzalagun eta lagun euskaldunak tropelka porturatu ziren Algortan, "Mingainak dantzan" leloari fidel. Bertan zain izan zituzten udalerriko berbalagunak, ospakizunerako prest. Horrela, eguraldia lagun, 230 lagunetik gora hurbildu ziren III. Mintza Eguna ospatzera. Tartean, omenaldia eskaini zieten mintzapraktika egitasmoetan dabiltzan hainbat laguni eta Bizarra Lepoan euskara elkarteak bere garaian kaleratu zituen "aitzakiarik ez" leloko kamisetei kasu eginez edo, bazkalostean, mingainak ez direnak ere dantzan jarri zituzten Patxi Perezek eta bere taldeak. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen. Bestalde, Topaguneak ere argazkiak eta bideoak sareratu ditu hemen.

Arrasate, Arratia, Arrigorriaga, Barakaldo, Bergara, Derio, Deustu, Eibar, Elgoibar, Ermua, Galdakao, Gasteiz, Gernika, Getxo udalerria, Bilbo, Abando, Begoña, Urduña… Euskal Herriko hainbat txokotako mintzalagunak hurbildu ziren Getxo udalerrira, Mintza Egunaren hirugarren edizioa ospatzera.

Jaia antolatzen jo eta ke aritu diren Egizu elkarteko eta horren partaideak diren Lauaxeta AEK, Jose Antonio Agirre eta Udal euskaltegietako eta Bizarra Lepoaneko kideak, eguna zapuztu ahal zuten bi faktoreren beldur izan ziren aste osoan: garraio greba, eta eguraldia. Zorionez, eguraldi itzela izan zen egun osoan, eta garraioarekin ere ez zen arazo handirik egon.

Txalaparta eta istorioak

Ezusteak, hala ere, bestelakoak izan dira: Egizuko lagunekhurbildu ziren 230 lagunei ongi-etorria emateko Portu Zaharrean prestatutako hamaiketakoaren ostean –goiz osoa eman zuten berbalagunek tortillak eta bestelako pintxoak ere eurek prestatzen–, herria eta haren historia ezagutzeko bisita gidatua hasi behar zen, Xabi Payaren eskutik. Paya, hala ere, gaixorik ibili da egunotan, eta haren ordez Algortako berbalaguna den Josu Larrañagak gidatu zuen ibilbidea, ederto gidatu ere.

Ibilaldia hasi aurretik, UKTESTeko txalapartariek egin zuten jendea hurbiltzeko deia, eta Algortako Bertsolari Eskolako Inaxio, Imanol eta Peio bertsolari gazteek egin zieten hitzezko ongi etorria bertaratutako lagunei, ondoren ibilalditxoa hasteko. Lehenengo geldiunea hamaiketakoa egindako lekutik oso gertu izan zen, Etxetxu delakoaren parean. Larrañagak azaldu zuenez, portu zaharraren gain-gainean dagoen etxetxoa garai bateko udaletxea izandakoa da. Hamaika kontu ekarri zituen gogora, gainera: antzinako kofradiaren berri, arrantzaleak eta kofradia, Portu Zaharreko jaiek duten ospea, kalimotxo hitza bertan sortu zeneko istorioa, "Un poco de chocolate" filmaren gorabeherak…

Jarraian, eta eguzki galdatan denbora guztian, Usategi parkera hurbildu ziren berbalagunak: berez gotorlekua izateko eraiki zela, bertatik defendatzen zela Bilboko itsasadarraren sarrera, eta koloretako banderak erabiltzen zirela bertan pasatzen zenaren berri Deusturaino helarazteko…

Munduko danborrak

Gero Getxo Antzokiko plazan bildu ziren denak, eta bertan oso kalejira berezia hasi zen: hasi, trikitixaren soinuekin hasi zen, baina, halako batean, trikia batukada talde bateko soinuekin nahasten hasi zen, eta horrelaxe joan zen taldea Algortan gora eta behera, euskal musika (eta dantzak!) batukadaren erritmoekin nahasten. Kalejira benetan ikusgarria izan zen, eta kalean zebiltzan guztien jakin-mina piztu zuen. Musikak, eguraldiak eta azterketak bukatu berri zituztenen jairako gogoak giroa pizten joan ziren konturatu gabe.

Bapatean, ordu bi eta erdiak iritsi ziren, bazkaltzeko ordua. Algortatik Itzubaltzeta / Romora metroz joan ostean, Santa Eugenia plazan jarritako karpa erraldoian bildu ziren mintzalagunak, bapo bazkaltzeko: paella, entsalada, oilaskoa, patata frijituak… postrearen orduan, Ander Egiluz Getxo udalerriko Berbalagun egitasmoaren arduradunak arreta apur bat eskatu zuen.

Omentzeko hamaika aukera

Lehenengo eta behin, eskerrak eman zizkien Mintza Eguna antolatzen ibilitako guztiei: Egizuko lagunei, Topaguneari, bereziki Oskar Zapata Mintzapraktika arduradunari, Udalari eta, nola ez, bertaratu ziren guztiei. Banan-banan aipatu zituen Anderrek Getxora hurbildutako talde guztiak, Austriatik eta Argentinatik etorritako lagun bakan batzuk ere barne, txalo zaparrada itzelak eraginez.

Jarraian, iaz Donostian hasitako ohiturari jarraiki, omenaldi txiki bat egin zitzaien mintzapraktika egitasmoetan ibilitako hainbat laguni:

- Juan Luis Zabala ‘Mallabi’ arrasatearra, bidelari izatetik bidelagun izatera pasatu delako, hots: euskarazko jarioa hobetzeko laguntza jasotzetik, ematera.
- Rosa Ramos, Iruñerriko euskara teknikaria, urtetan bertako mintzakide egitasmoa aurrera ateratzen laguntzen jo eta ke ibili ostean, datorren irailetik aurrera ezin izango duelako jarraitu.
- Joseba Basterra, Mahatserrikoa, bertako mintzapraktika egitasmoko aitzindaria delako.
- Dabid Cascan, Barakaldokoa; bere herrian, Santutxun, Sestaon eta Getxon bidelari ibili ostean, euskararekin maitemindu eta mintzapraktika talde baten ardura hartzeko urratsa eman duelako aurten.
- Lexuri Sanpedro, Aixerrota institutuko ikaslea 16 urterekin hasi zen iaz, eta berbalagunik gazteena da.
- Juan Miguel Artabe, Juan Felix Oleaga, Jesus Garcia, Jose Ramon Onaindia, Luis Mari Etxezarraga eta Ander Madariaga: Getxoko berbalagunen artean beteranoenak, astean hirutan biltzen dira mingainari eragiteko, beti bezain gogotsu.

2009ra arte

Sari banaketa amaitutakoan, Patxi Perezen musikariak eskenatokira igo eta suabe-suabe hasi ziren jotzen, jendea animatzen hasteko. Dena den, sari-banaketak eta, noski, bazkalosteko kopatxoek ere nahiko animatuta zeukaten ordurako, eta Perezen saio "interaktiboak" berehala jarri zituen martxan berbalagun guztiak.

Jai-giroa, beraz, iluntzera arte luzatu zen Itzubaltzetan, eta Egizuko lagunak pozik daude egindako lanaren emaitzarekin. Horren proba argia, mintzalagunak “hurrengoa noiz, hurrengoa noiz?” galdezka amaitu izana. Datorren urtean izan beharko du, ba!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun