Unai Basurko izango da Getxo eta Sopelako Itsas Joko Atlantikoen aitabitxia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 16a, 19:03

Euskal Kirol Federazioen Batasunak (EKFB) uztailaren 19tik 25era Getxo eta Sopelan antolatuko dituen XIV. Itsas Joko Atlantikoek luxuzko aitabitxia izango dute: Unai Basurko nabigatzaile portugaletearra, alegia. Halaber, uztailaren 19an bertan, Areetako kaleak jokoetan parte hartzen duten nazio ezberdinen koloreekin beteko dituen inaugurazio desfilean ikurriña eraman eta gure selekzioa zuzenduko du. Hartara, herritarren artean itsasoko kirolak sustatzea nahi du 2007an munduari bira bakarrik eman zion itsasgizonak; baita kostako udalerri bietan burutuko diren probetan emaitza onak lortu ditzaten, euskal kirolariak animatu ere. Argazkian, Unai Basurko Velux 5 Oceans txapelketan lortutako hirugarren postua ospatzen, 2007ko maiatzaren 5ean, Getxoko Kirol Portuan / Iker Merodio.

Itsas Joko Atlantikoak Bretainian sortu ziren 1995eko urtean, eta Europa Atlantikoko eskualde eta nazionalitateetako kirol, turismo eta kulturaren arloko sustapenak ekitaldi bakar batean biltzeko helburuarekin jaio ziren. Eta hori lortzeko modurik onena, itsasoarekin estuen lotuta dauden espezialitateetan lehiatzea izan zen: surfean, belan, arraunean, piraguismoan eta urpeko jardueretan. Euskal selekzioak dagoeneko egiteko nabarmena betetzen du lehiaketa horretan, eta gero eta ezagunagoa den eta zalantzarik gabeko kalitatea duen partaidetza du, azken hiru urteetan frogatu duen bezala: Gijonen, Cornuallesen eta Bretainian, hiru leku horietan euskal selekzioa izan zen onena, inolako ezbairik gabe. EKBFk duen pisua gero eta handiagoa da, eta, horregatik, berak antolatuko ditu 2008ko Jokoak Getxon eta Sopelan. Aurten, 15 lekutatik etorritako 800 eta 1.000 kirolari bitartean elkartuko dira elkarbizitza adeitsu eta lagunarteko lehia giroan. Galizia, Bretainia, Cornualles, Eskozia, Man Uhartea, Irlanda, Portugal Iparraldea, Gales, Asturias, Katalunia, Andorra, Belgika eta Akitaniako kirolariekin batera lehiatuko da Euskal Herria.

Nazioarteko batzordea

Dagoeneko hainbat diziplina nautikotako nazioarteko federazioek aintzatetsi dituzte Itsas Joko Atlantikoak. Gainera, 2003az geroztik ‑jokoekin batera Merkatu Zelta egiten denetik‑, asko aberastu dira jokook, hainbat herrialdek produktu autoktonoak erakusten baitizkiote jendeari 3 edo 4 egunetan. Itsas Joko Atlantikoak, kide diren herrialde edo eskualde bakoitzeko 4 ordezkarik osatzen duten nazioarteko batzorde baten agintepean antolatzen dira. Nazioarteko batzorde horrek, Jokoetako edizio desberdinen tokiak eta datak definitzen dituen arautegi orokor bat argitaratzen du. Eta 2008an, Euskal Herriko Kirol Federazioen Elkarteari egokitu zaio txanda.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun