Bakardadea neurtzeko tresna gaztelaniara itzuli du EHUko Psikologia talde batek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 16a, 19:55

EHUko Psikologia talde batek (argazkian) "International Journal of Psychology and Psychological Therapy" aldizkari zientifikoan argitaratutako Helduentzako Giza eta Emozio Bakardadearen Eskala (SESLA-S) gaztelaniara egokitu du. 517 pertsona aztertu dituzte, besteak beste: unibertsitarioak, populazioa orokorrean, osasun mentaleko zentroetako gaixoak eta pertsona bananduak. Helduentzako Giza eta Emozio Bakardadearen Eskala (Scale for Evaluation of Social and Emocional Loneliness in Adults SESLA-S) helduek eremu sozialean, familiarrean eta erromantikoan edo bikotean duten bakardade esperientzia subjektiboa ebaluatzen duen tresna da. Ingelesez diseinatu den eskala bat da, baina une honetan gaztelaniazko itzulpena du EHUren Psikologia Fakultateko ikerketa talde garrantzitsu batek egindako lanaren ondorioz. Talde horren buru Sagrario Yarnoz izan da eta partaideak izan dira: Jesus Biurrun, Mikel Plazaola, Jesus Guerra eta Priscila Comino. Eskala hori "International Journal of Psychology and Psychological Therapy" aldizkari zientifikoan argitaratu da.

Jatorrizko ingelesezko bertsiotik gaztelaniara egokitzeko bideragarritasuna aztertzeko EHUko ikerketa taldeak autotxosten baten bitartez 517 pertsona aztertu ditu, besteak beste: unibertsitarioak, populazioa orokorrean, osasun mentaleko zentroetako gaixoak eta pertsona bananduak. Lortutako emaitzek bere egokitasuna bermatzen dute, hala, ikertzaileen zerbitzura tresna garrantzitsua bilakatzen da.

Sagrario Yarnoz Nortasuna, Balioespena eta Psikologia Tratamenduak Saileko irakaslea da eta ikerketa taldekidea. Honela dio: “Helduentzako Giza eta Emozio Bakardadearen Eskalak honako hauek ebaluatzen ditu: giza bakardadea, lagunen eta harreman sozialen falta islatzen duena; familia bakardadea, pertsona laguntzen duen familia giro falta erakusten duena; eta bakardade erromantikoa, afektuzko harreman intimo falta islatzen duena. Eskalak 15 galdera ditu, hala, horien inguruko adostasun-maila erakutsi behar da 7 puntuko eskala erabiliz.”

Gizonek bakardade handiagoa dute

Jasotako datuek erakusten dute unibertsitate ikasleek “bakardade sozial, familiar eta erromantiko maila antzekoak dituztela. Populazio orokorrak osatzen duen laginean asko ezkonduta edo bikotearekin daude. Hala ere, lagin guztietatik bakardade erromantiko baxuenak erakusten ditu. Bakardade sozial edo familiar maila altuenak osasun mentaleko zentroetako gaixoengan aurkitzen ditugu. Banandutako pertsonek bakardade maila handiagoa erakusten dute unibertsitate ikasleek eta populazioak orokorrean baino, salbuespena da bakardade erromantikoa edo bikotekoa, aztertutako populazioak baino maila altuagoa baitute kasu horretan”.

Ikerketak parte hartzaileen generoan ere ezberdintasunak erakusten ditu. Lagin osoan gizonek “eskala guztietan bakardade maila altuagoak erakusten dituzte nabarmenki (sozial, familiar eta erromantiko). Hala ere, populazio orokorrean gizonek emakumeek baino bakardade maila altuagoa erakusteko joera inbertitzen da. Horrela gertatzen da bakardade sozial eta erromantiko eskaletan”, dio Yarnozek.

Lortutako datuek adierazten dute, ingelesezko bertsioan bezala, Helduentzako Giza eta Emozio Bakardadearen Eskalaren gaztelaniazko egokitzapenak “bakardadearen dimentsio anitzeko neurri moduan propietate psikometriko egokiak dituela. Gainera, item gutxiz osatua dagoenez eta batetik bestera pasatzea erraza denez, denbora eta esfortzua aurrezteko aukera ematen dio klinikoari eta ez da berezoarentzako intrusiboa. Hori guztiagatik SESLA-S autotxosten neurri egokia izan daiteke bakardadea ebaluatzeko bere hiru aspektuetan (soziala, familiarra eta erromantikoa) osasunaren hainbat eremutan, prebentzio eta parte hartze helburuekin”, esanaz amaitu du Sagrario Yarnoz irakasleak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun