Moto istripuak prebenitzeko kanpaina abiatu du Herrizaingo Sailak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 16a, 21:17

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ziklomotor eta motozikleta istripuak prebenitzeko kontzientziazio kanpaina abian jarri du gaur eta uztailaren 4ra arte luzatuko da. Mapfre Institutuak eta EAE eta Nafarroako Automobil Klubekin elkarlanean, "Mesedez, motorrez zoazen bakoitzean, ez ibili abentura trantzean" edo "Gogoratu! Errepidean zoazela, zeu zara ahulena" dira motor gidariek errepidean kontu handiz joka dezatela lortzeko zabalduko dituzten mezuetako batzuk. Gauzak horrela, Uribe Kosta eskualdean, Getxok eta Leioak hartuko dute ekimena, ekainaren 30ean; eta udalerri getxoztarrak eta Berangok, uztailaren 3an. Hala ere, ez dute adierazi zehatz-mehatz non izango den. 2007an, 20 pertsona hil eta 106 larri zauritu ziren Ertzaintzak erregistratutako mota honetako ibilgailuen ezbeharretan. Argazkian, kanpainaren karteletako bat.

Kanpainaren ideia nagusiak Julian Iantzi telebistako aurkezlea du oinarri, motor gidarientzako ohitura onen erakusle gisa aurkeztuko dutela. Ekintzetako bat zenbait udalerritan (ziklomotor eta motozikleta kopuru handienaren arabera aukeratutakoak) aparkatutako ziklomotor eta motorretan egingo den informazio txartelen banaketan oinarrituko da. Txartelak motorrak gidatzeko erabiltzen diren babes eskularruen itxura du eta bi gurpileko ibilgailu bakoitzaren eskulekuan esekiko da. "Etxera heltzea zure esku dago" lelopean "eskularru" horretan abiadura-mugak, semaforoak eta gainerako seinaleak errespetatu behar direla eskatu eta eskuineko aldetik eta lerro etengabean aurreratu ezin dela gogoraraziko da. Modu berean, motorra gainerako gidarientzat batzutan "ikusezina" dela eta lehenengo euri tantekin irristatze arriskua dagoela azpimarratuko da, beste aholku batzuen artean. Banaketa "aingeru" itxura izango duten eta motozikleta banatan joango diren pertsona bik egingo dute. Motoa, txamarra eta kaskoa hori eta beltz kolorekoak izango dira eta kanpainaren mezua ikusgai izango dute.

Ekimen horren beste ekintzetako bat telebista, internet eta irrati iragarkien emanaldia izango da. Mapfre Fundazioak, bere bulego sarearen bidez, kartelak ikusgai jarri eta prebentziorako aholkuak dituzten txartelak banatuko ditu. Kartelak eta txartelak autoeskola eta motor denda eta tailerretan banatuko dituzte. Ekimena Euskadi 2007-2010 Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoaren barruan dago; plan honen aurtengo helburuetako bat motor eta ziklomotor istripuen aurka lan egitea da, hain zuzen.

Motor istripuak

Herrizaingo Sailaren datuen arabera, 2007an biktimak izan zituzten 557 motozikleta eta ziklomotor istripu gertatu ziren euskal errepideetan (Ertzaintzak erregistratutakoak); aurreko urtean egondako 520 istripuen aurrean. Kalte pertsonalei dagokienez, 2007ko ezbeharrek 20 hildako eta 106 zauritu larri eragin zituzten; aurreko urtean izandako 13 hildako eta 97 zauritu larrien aurrean, %54 eta %9ko handitzea, hurrenez hurren. Bi gurpileko motordun ibilgailuen istripuen portzentajea errepideetan izandako zirkulazio istripu guztien %6,8 izan zen 2007an, aurreko urteetan izandako %6,1eko batezbestekoaren aurrean. Ziklomotor eta motozikleten automobil-parkea 2001ean 52.000 ibilgailu egotetik 2007an zeuden 82.000ra handitu zen.

Alkoholemi kontrolak

Beste alde batetik, asteburuan 25 gidari atxilotu ditu Ertzaintzak, Euskal Autonomia Erkidegoan, edari alkoholdunen eraginpean gidatzea egotzita. Larunbatean 12 pertsona atxilotu zituzten, horietatik bana Erandion eta Getxo udalerrian. Igandean, beste 13 pertsona atzeman zituzten, bide segurtasunaren kontrako ustezko delituengatik. Horietatik bi Erandion.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun