Etxebizitza, auto eta saltokien kalteentzako dirulaguntzak arautuko dituen dekretua oraindik itxi gabe dago, oposizioko alderdi politikoen ekarpenak falta direlako; baina aste honetan bertan onar daiteke, tokiko iturrien arabera. Hauei gehitu behar zaizkie Landa alkateak premiazko dekretu bidez hogei bat familiei emandakoak: 3.000 euro etxea konpontzen dieten bitartean beste bat errentan hartzeko eta fidantzaren gastuak, hilabeteko alokairua eta etxe agentziaren komisioak ordaintzeko, hain zuzen. Oilarretxen eta Neguri Langilen euria gogor botatzen duenean zer gertatzen den ikertzeko ere emango dute dirua, gaur onartutako kredituaren bitartez. Izan ere, urak erraz hartzen ditu bertoko behekaldeak, Gobela errekak gainezka egiten ez badu ere.
Uraldian egindako jardueren gaineko "azterketa zehatza" egin du udal batzarrean Imanol Landa alkateak. Berriro ere adierazi du, maiatzaren 31ko gauean, ez zutela jaso alerta egoera iragartzen zuen inolako oharrik. Horren harira, "egoera zaila" izan zela aipatu du: "denbora tarte gutxi egon zen lanean hasteko Udalaren baliabide eskasekin, uraldiak herri eremu desberdinak hartu baitzituen aldi berean", azaldu duenez. Tokiko agintariak udaltzaingoak prestaturiko txostenaren berri eman du. Horren arabera, 700 ekintza baino gehiago izan ziren ekainaren 1eko goizalde horretan. Horrez gain, ezarritako dirulaguntzen, sortutako sail arteko bi talderen, eta eratutako kaltetuen erregistroaren gaineko xehetasunak ere eman ditu. Dagoeneko 1.105 lagunek eman dute izena horretan.
Hondamendi eremua
Alkateak gaineratu du ekainaren 9an Getxo udalerria "hondamendi eremua" izendatzea ere eskatu zuela. Landak esan duenez, "ez dakigu eskaria hori onartuko duten ala ez, baina aukera guztiak aztertu ditugu administrazio desberdinetatik emandako dirulaguntza guztiak jaso ahal izateko".
Aldi berean, Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen Uraren Euskal Agentziarekin, Gobela erreka bideratzeko proiektua gauzatzeko adostutako oinarrizko hitzarmena iragarri du Landak. Bestalde, kaleetatik 670 mila kilo hondakin eta hodartzetatik beste 225 mila kilo jaso direla agindu du.