Itzubaltzeta / Romoko Errekagane kaleko urbanizazio proiektuaren lanak direla eta, astelehenetik (ekainak 23) aurrera, bide horretako Ezekiel Agirre eta Zubieta kaleen arteko zatia zirkulaziorako itxita egongo da. Hala ere, udal iturriek ez dute zehaztu noiz zabalduko duten, ezta Zubieta eta Errekaganetik igarotzen den Bizkaibus enpresako garraioarekin zer gertatuko den ere. Behintzat, lehenagotik obretan zegoen zatia zabalduko dute, hau da, Luis Lopez Oses eta Zubieta kaleen artekoa. Bestalde, trafikoaren noranzkoa aldatuko dute Zubieta kalean, biribilgunearen eta Errekagane arteko tartean. Beraz, Errekaganetik errotondarantz joango dira autoak. Azkenik, Ganeta zubian trafikoa zabalik mantenduko da Mesedeetako Ama kaletik Ezekiel Agirre kalerantz, aipatu tarteetan obrak egin bitartean. Bestalde, lanen eraginez espaloiak zabaltzearen ondorioz, nabarmen gutxitzen ari dira aparkalekuak. Argazkian, Errekaganen dago kokatuta Itzubaltzeta gaztetxea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!