Leioako Sanjuanetarako argazki lehiaketa antolatu du Gazte Bulegoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 18a, 20:13
Aterpe Gazte Bulegoak I. San Juan Irudi Gaztea argazki lehiaketa antolatu du, ekainaren 19tik 24ra Leioan ospatuko diren jaiei begira. "Gazteriaren parte hartze eta gozatzeko moduak islatzen duten irudi bilduma sortzea" da euren helburua. Horrenbestez, lehiaketak bi kategoria izango ditu, lehenengoa 14 eta 17 urte bitartekoentzat, eta bigarrena 18 eta 35 urte artekoentzat. Parte hartzaile bakoitzak hiru argazki aurkeztu ditzake gehienez. Zuri beltzean ala kolorean, baina kartoi mehe baten gainean aurkeztu beharko dira. Horien gutxieneko neurria 18x24 zentimetro izango dira eta gehienez 20x30 zentimetro. Euskarriak, berriz, 30x40 zentimetro eduki beharko ditu. Argazkiak aurkezteko epea uztailaren 4ra arte egongo da irekita. Aterpe Gazte Bulegora eraman daitezke, astelehenetik ostiralera. 9:00etatik 14:00etara. Argazkian, San Juan sua iaz Leioako txosnagunean.
Gutun azalean "I. San Juan Irudi Gaztea argazki lehiaketa" azaldu behar da, eta beste kartazal baten barruan egilearen datu pertsonalak zehaztu behar dira (izena, abizen bi, adina, helbidea eta telefono zenbakia). Epai-mahaiak 50 argazki aukeratuko ditu jasotako guztien artean eta horiekin erakusketa antolatuko du. Irudiok uztailaren 11tik 28ra Aterpe Gazte Bulegoan egongo dira ikusgai. Bertara hurbiltzen diren guztiek argazkirik onena aukeratzeko bozka eman ahalko dute ikusleen saria erabakitzeko. Hori erabakita, sari banaketa uztailaren 30ean izango da, 12:00etan, gazte bulegoan bertan. Sariak hiru izango dira: A eta B kategorietan 250 euro emango dira argazkigintza materialean, eta ikuslegoaren sari bereziaren irabazleak 150 euroko materiala jasoko du. Horrez gain, ikuslegoaren sariaren aukeraketan parte hartuko duten guztien artean argazkigintza materialean 100 euro zozketatuko dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun