Leioako
Udondo gaztetxeak urtero legez hainbat jarduera prestatu ditu udalerriko San Juan jaiak bere kaxara ospatzeko asmoz. Horrela, gaztetxeak zabaldu duenez, ohiko kalejirarekin hasiko dituzte jaiak, eta aldarrikapena udaletxeraino eramango dute bihar 19:00etan. Ondoren, gaztetxean jam session izango da eta gauari atea irekitzeko antzerkia egongo da. Ostiralean, berriz, makina bat tailer egingo dituzte osasun etxearen inguruetan: xake, serigrafia, txapak, taiji, malabarak... 21:00etan musikari egingo diote txanda, herriko hainbat taldek joko dutela. Larunbata izango da egun nagusia eta goizean goiz ekingo diote egunaz gozatzeari. 11:30etik aurrera, Udondoko eskalada murruari etekina aterako diote. Ordu erdi beranduago horma irudia egiten hasiko dira eta 15:00etan herri bazkari begetarianoa egingo da. Bazkalostean Klaro Ke Si eta Dale Ke Te Pego kantautoreak arituko dira. Egun horretan, TDK, La Broma de Ssatan eta Los Temblores taldeek joko dute gaztetxean 22:00etatik aurrera, 4 euroen truke. Igandean, 21:30ean zinema jarriko da eta astelehenean, gaueko 12etan sutzarra egin ostean txokolate jana izango da / Argazkian, gaztetxeko eskalada murrua martxoaren 8an estreinatu zuten.