Hamar hizkuntza-komunitatetako komunikabideak eta kazetariak dituzte aztergai: euskaldunak, katalanak, galegoak, korsikarrak, bretoiak, frisiarrak, Irlandako gaelikodunak, Eskoziako gaelikodunak, galestarrak eta samiak. Zabaleta doktoreak azaldu duenez, “komunitate guztietara bidaiatu dugu, hedabide garrantzitsuenak bisitatu ditugu, haietako zuzendariak eta kazetariak elkarrizketatu ditugu... kanpo-lana ikaragarria izan da”. Jasotako informazioan oinarrituz, Europako hizkuntza gutxituetan aritzen diren bai komunikabideen bai kazetarien mapa eta profila eratu dituzte, orain arte egin gabe baitzegoen. Izan ere, kazetari guztien %63ra iritsi dira. Horien guztien lagin errepresentagarri bati inkesta bat bidali diote —guztira 230 inkesta aztertu dituzte—, hainbat gairen inguruan dituzten pertzepzioak azaltzeko eskatuz: lan-egoera, hizkuntza, teknologia eta kazetari gisa jokatzen duten papera.
Profilak zehazten
“Alde batetik, soldata, lantokiko giroa eta lankideekiko harremanak nola ikusten dituzten galdetu diegu kazetariei”, azaldu du Zabaletak. Ateratako ondorioen arabera, kazetarien herenak uste du soldata baxuegia jasotzen duela, eta erdiak dio hizkuntza handietako komunikabideetan lan egiten duten kazetariena baino baxuagoa dela; pertzepzio hori zabalagoa da idatzizko hedabideetako langileen artean eta enpresa pribatuetan aritzen direnen artean. Hala ere, Zabaletak dioenez, “prentsako kazetariek haien nagusiekiko harremanaz duten iritzia hobea da irrati eta telebistakoek dutena baino; lan egiteko presio gutxiago dutelako izan daiteke hori”. “Emakumeen soldatari dagokionez, ez dute uste diskriminaziorik dagoenik, bai ordea zuzendaritza karguetara iristeko”, gehitu du.
Datu horiek guztiak iaz aurkeztu zituzten HEKA taldeko kideek, IAMCR (International Association for Media and Communication Research) erakundeak Parisen egin zuen kongresuan. Aurten Stockholmen egingo den kongresurako beste bi ponentzia onartu dizkio erakunde ospetsu horren epaimahaiak. Horietako batean, “kazetariek teknologia nola maneiatzen duten ikertu dugu: irudien edizio digitalarekin, ordenagailu bidezko maketazioarekin edo web guneak sortzeko programekin nola moldatzen diren aztertu dugu”, argitu du Zabaleta doktoreak.
Hizkuntzari begira
ICA (International Communication Association) erakundearekin lotura duen Journalism Studies aldizkariak ale berezi bat kaleratu zuen joan den apirilean 'kazetaritza eta hizkuntza' gaiaren inguruan, eta bertan Zabaletaren taldeak egindako ikerketa bat zegoen. Gogoan izan behar da 80 artikulu aurkeztu baina zortzi bakarrik hautatu zituztela. Lehen aipatutako inkestan oinarrituz, hizkuntzaren garapenaren, ezagutzaren eta erabileraren inguruan kazetariek duten ikuspegia aztertu dute. Ezagutzari dagokionez, ondorio deigarrienetako bat da norberaren balorazioa lankideena baino askoz ere altuagoa dela. Beste komunitatekoekin alderatuta, kazetari euskaldunek epaitzen dute beren burua zorrotzen, nahiz eta lankideen hizkuntzaren ezagutzarekin ez diren beste tokitakoak bezain gogorrak. Komunitate guztiak kontuan hartuta, kazetarien %60k baino gutxiagok uste du lankideek ongi menderatzen dutela hizkuntza.
Bestalde, hizkuntza gutxituak kalitatezko informazioa sortzeko nahikoa garatuak dauden ala ez galdetu zaie kazetariei. Europa mailan, kazetari horien %34k uste du zenbait gai lantzeko zailtasun bereziak dituztela; teknologiari dagozkionak, esate baterako. Komunitateka ikusiz, bretoien, Eskoziako gaelikodunen eta samien bi herenek diote haien hizkuntza ez dagoela komunikabideetan informazio-lana ondo betetzeko bezain garatua; frisiarren, irlandarren, euskaldunen eta korsikarren ia erdiak bezala. Kazetari katalan, galestar eta galiziarren artean, berriz, pertzepzio hori ez dago hain zabaldua, heren batek baino gutxiagok uste baitu hala.
Gabezia horiek gainditzeko hainbat estrategiaz baliatzen dira kazetariak. Batzuetan, gutxi erabiltzen diren hitz original baina nahiko ezezagunetara jotzen dute; besteetan, terminoak azalpenez laguntzen dituzte; edo besterik ezean, hitz berriak sortzen dituzte. Izan ere, Iñaki Zabaletaren arabera, “kazetariak hizkuntzaren sortzaile garrantzitsuenetakoak dira, eta haren normalizazioan lan handia egiten ari dira”. Baina neologismoak sortzeak eta termino formalegiak erabiltzeak lubaki bat sor dezake komunikabideetako eta kaleko hizkuntzaren artean; alegia, audientziarentzat informazioa ulergaitza bihur daiteke. “Komunitate guztietan sumatu dugu kezka hori”, dio Zabaletak, “eta ez dago irtenbide errazik lubaki hori gainditzeko: ikus-entzunezko hedabideetan hizkuntza-maila jaistearen aldekoak dira, baina horrek hizkuntzari kalte ere egin diezaioke”.
Hizkuntzaren erabilerari dagokionez, Zabaleta doktoreak positibotzat jotzen ditu datuak: “orokorrean, denboraren ia %84an erabiltzen dute kazetariek hizkuntza gutxitua erredakzioan”. Erredakzio bretoietan entzuten da gutxien haien hizkuntza (denboraren %61ean), eta gehien, berriz, frisiarretan eta galesetan. “Deigarria da, baita ere, Ipar Irlandan (%96,4) gehiago erabiltzen dutela gaelikoa Irlandako Errepublikan baino (%84); iparraldean kontzientziatuago daude”.
Erabiltzaile, babesle edo militante?
“Europako hizkuntza gutxituetako kazetarien %28k soilik dauka bere burua kazetari estandar gisa, alegia hizkuntzaren erabiltzaile huts gisa”, azaldu du EHUko doktoreak. %38k dio, profesionalak izateaz gain, hizkuntzaren babesle gisa jokatu behar dutela kazetariek, eta %27 ‘hizkuntzaren aldeko aktibista’ izatearen alde agertzen da. Iñaki Zabaletak azpimarratu du “belaunaldi zaharragoek (50 urtetik gorakoek) konpromiso handiagoa dutela hizkuntza gutxituen garapenarekiko, 20-29 urte bitarteko kazetari gazteen %38k uste baitu kazetari soil izan behar duela, eta 50-65 bitartekoen %19k besterik ez du uste hori bera”. Kazetarien rola aztertzen duen ikerketatik ateratako datuak dira horiek. HEKA taldeko kideek jakin berri dutenez, AEJMC (Association for Education in Journalism and Mass Communication) erakundeak aurten Chicagon egingo duen kongresuan aurkeztuko dute ikerketa hori.